Elkarrizketa

«Aukera polita iruditu zitzaigun gure kezkak azaleratzeko»

Josu Artutxa Dorronsoro 2025eko urriaren 29a

Eider Rodriguez idazlea. Argazkia: Rebeka Parras / Oarso Bidasoko Hitza

Eider Rodriguez idazle errenteriarrak eta Anari Alberdi musikari azkoitiarrak 'Boston' saioa egingo dute, bihar, Topic museoan; 20:00etan hasiko da eta emanaldi literario-musikala izango da.

Bilbon eta Oiartzunen aurkeztu ondoren, Eider Rodriguez idazleak eta Anari Alberdi musikariak Boston proposamen iradokitzaile eta interesgarria aurkeztuko dute bihar, Tolosan. Topic museoko Antxon Elosegui aretoan izango da saioa, eta 20:00etan hasiko da. Rodriguezek adierazi du ikuskizun mutantea dela, eta aurreratu du Tolosakoa emanaldi literario-musikala izango dela.

Zer da 'Boston'?

Lehen aldiz Bilbon egin genuen saioa, eta, beranduago, Oiartzunen. Tolosakoa hirugarren saioa izango da. Aldiro diferentea da, aldakorra. Horregatik, ikuskizun mutantea dela esaten dugu. Beraz, ezin dut aurreratu zer izango den osteguneko saioa, orain arte egin ez dugun zerbait izango delako; propio entseatzen ari gara horretarako. Ikusteko saio bat da, eta ez orain irakurtzekoa.

Proposamen iradokitzaile bat da. Zer iradoki nahi duzue?

Anarik eta biok askotan dauzkagu elkarrizketa luzeak sorkuntzaren inguruan, munduaren norabide edo noraezaren inguruan, politikaren, musikaren edo kulturaren inguruan, eta zenbait gai gehiagoren inguruan. Aukera polita iruditu zitzaigun horrelako saioak aprobetxatzea, hain justu, gure kezkak azaleratzeko, arduratzen gaituzten edo interesatzen zaizkigun gauzak testuinguruan jarri eta jendaurrean aletzeko, betiere, gidoi oso-oso ireki batekin. Hala aritu ginen Bilbon eta Oiartzunen, baina Tolosako saioak ez du elkarrizketa formatua izango; oso bestelakoa izango da. Literatura eta musika hutsa izango da.

Zuk testuak irakurriko dituzu eta Anarik kantatu egingo du, beraz?

Entseatzen aritu garenak oraindik forma finkorik ez badu ere, ipuin baten irakurketa egingo dugu, musikarekin lagunduta. Anari arduratuko da soinuaz eta musikaz, eta ni zati narratiboaz. Lehen esan bezala, jatorrian, emanaldi batetik bestera aldatuko den saioa da. Tolosaren kasuan, propio prestatu dugu eta entseatzen ari gara.

Zuek diozue inoiz izan ez garen lekuetan inoiz ezagutuko ez dugun jendea bizi dela, baina ezagutzen ditugula beraien kantuak, liburuak eta pelikulak. Zer esan nahi duzue, ez zaretela inoiz Bostonen izan?

Izenburu hori jarri genion, iradokitzailea delako. Gogora ekartzen digu Estatu Batuetako hiri bat, baina era berean, boston artean zerbait egitea; hau da, euskarazko adiera ere badauka. Lehen adierari lotuta, oso baldintzatuta egon gara biok, musikaren, literaturaren eta zinemaren aldetik, Estatu Batuetatik etorritako kultura-produkzio olde ikaragarriagatik, bere kontraesan guztiekin. Hortik, egiteko modu on eta txarrekin egin behar izan dugu aurrera.

Ni behin soilik egon naiz New Yorken, eta iruditzen zitzaidan aurrez izana nintzela bertan. Idazten dudanean oso garbi gertatzen zait hori. Esaterako, ipuin bat kokatzen baduzu Tolosan, gauza asko aipatu behar dituzu ulergarri izan dadin, baita euskal irakurlearentzat ere. Aldiz, euskaraz idatzita ere, New Yorken kokatzen baduzu, agian ez ditugu horrenbeste azalpen eman behar, eta hori oztopo bat da.

Boston artean zerbait egitea aipatu duzu. Nortzuk zarete bost horiek?

Oso zaila da azaltzea zer den, izenarena absurdoa delako. Izen hori jarri genion, baina ez zeukan inolako lotura logikorik. Horregatik diot saioa oso mutantea dela; aldian-aldian aldatzen den zerbait da. Tolosan egingo dugunak ez dauka zerikusirik Bilboko eta Oiartzungo saioekin.

Eta non du jatorria saioak?

Joxe Angel Arbelaitzen eskaera bat izan zen. Bikotekako saioak proposatzen ditu, eta aspaldi eskatu zigun. Orduan ez zetorkigun ondo, eta iaz egin genuen lehen aldiz. Oso ondo pasatu genuen. Aurreko bi saioetan elkarrizketak egin ditugu, irakurketa eta musikarekin uztartuta, baina oraingoan ez da solasaldirik egongo.

Proposamenaren ondoren, nolakoa izan zen saioa sortzeko prozesua?

Aldiro diferentea izan da. Saio bakoitza baino aste batzuk lehenago bildu izan gara, eta momentuko kezkak partekatu ditugu. Une horietan geunden itsasertzean sarea pasa izan dugu, eta ateratzen zenarekin lan egin. Garaiari lotutako zerbait izan da orain arte, eta Tolosan ere hala izango da.

Lehenago ere batera aritutakoak zarete Anari eta biak?

Ez. Lehen aldia izaten ari da.

Eta nolakoa izaten ari da berarekin lan egitea?

Ederra. Oso estimulatzailea da beti berarekin hitz egitea. Espero gabeko tokietara eramaten zaitu elkarrizketa bakoitzean; nahigabe, bat-batean, agian ezaguna egiten zaizun baina zergatik zauden ez dakizun toki batean esnatzen zara, eta esanahi bat eman behar diozu horri. Beti behartzen nau urrunago pentsatzera. Alde horretatik, oso eskergarria da.

Nolako harrera izan zuten Bilboko eta Oiartzungo saioek?

Ona. Jende asko joan zen saioetara, eta gu oso gustura aritu ginen. Uste dut Tolosakoa pixka bat exijenteagoa izango dela, ez delako elkarrizketa bat izango. Gehiago izango du honek ikuskizun literario-musikaletik aurrekoek baino.

Zergatik diozue fikzio konpartituen errealitate mendebaldar bat dela?

Grazia egiten dit, ez daukalako zerikusirik. Hain zuzen ere, orain artekoa horri buruzkoa izan da, baina bihar ez gara horretaz jardungo.

Zer helburu du bihar egingo duzuen saioak?

Saio literario-musikal bat egin nahi dugu. Ez dagokigu guri esatea norberak zer bilatzen edo aurkitzen duen. Ordubete iraungo duen mundu bat eskaini nahi dugu, hitzezkoa eta musikazkoa. Jendea mundu horretan sartu dadila, eta ateratzen denean, pixka bat diferentea bada edo zerbait aldatu bazaio, oso pozik egongo gara.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!