194 proposamen jaso ditu udalak, AuzoEkin proiektuko lehen hiru eremuetarako

Ataria 2025eko urriaren 28a

AuzoEkin proiekturako Tolosa zortzi eremutan banatu zuen udalak.

Bidebieta-Iparragirre-Izaskun eremurako 94 proposamen egin dituzte herritarrek, San Esteban auzorako 39, eta landa eremuetako auzoetarako 61. Datorren astean proposamenak lehenesteko saio ireki bana egingo dute hiru eremuetan.

AuzoEkin proiektuaren barruan, San Esteban auzoa, Bidebieta-Iparragirre-Izaskun ingurua eta landa auzoak hobetzeko 194 proposamen egin dituzte herritarrek. Diagnostikoaren lanketa egiterako orduan behar eta erronka ugari identifikatu baziren ere, azken aste honetan, auzotarrek aukera izan dute ekarpen gehiago egiteko.

Bidebieta-Iparragirre-Izaskun eremurako jaso du udalak proposamen kopuru handiena: 94. Askotarikoak izan direla esan dute, besteak beste, Zabalarreta parkea babestu eta biziberritzea eta oinezkoen irisgarritasuna bermatzeko lanak. Auto eta bizikleten aparkalekuen inguruko zenbait iradokizun ere jaso dituzte.

San Esteban auzorako 39 proposamen jaso ditu udalak. Kasu honetan, gehienak Ferialekuaren, auzoko topalekuen —parkea, aterpeak...— eta aparkalekuen ingurukoak dira. Komunitate izaerako proposamenak ere jaso dira; esaterako, atzerritar jatorria duten bizilagunengana gerturatzeko saioak antolatzea proposatu dute zenbait bizilagunek.

Landa eremuetako auzoei dagokienez, 61 izan dira jasotako proposamenak. Auzotxikia, Olarrain, Aldaba, Aldabatxiki, Bedaio, Urkizu eta Ugane auzoetarako proposamenak jaso ditu udalak. Hornidurarekin —energia, ura, saneamendua, interneteko konexioa— lotutako gaiak dira nagusi, baita bideei eta mantentze-lanei eragiten dietenak ere.

Datorren astean, proposamen horiek hiru eremuetako auzotarrekin partekatu eta lehenesteko saio irekiak egingo ditu udalak. Hauek dira hitzordu horietarako deialdiak:

  • Bidebieta-Iparragirre-Izaskun ingurua: azaroak 3, astelehena, 18:00etan, Helduen Heziketa Iraunkorreko zentroan.
  • Landa eremuetako auzoak: azaroak 4, asteartea, 18:00etan, udaletxeko pleno aretoan.
  • San Esteban auzoa: azaroak 5, astezkena, 18:00etan, Ttonttor auzo elkartean.

Saio horietan lehenesten diren proposamenak aztertuko ditu gero udalak, teknikoki, juridikoki, administratiboki eta ekonomikoki egingarriak edo bideragarriak ote diren jakiteko. Azterketa horren ondoren, proposamenen azken aukeraketa egiteko azken saio irekia egingo da auzotarrekin, eta proiektu horiek txertatuko dira automatikoki udal aurrekontuan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!