Bizikletak elektrifikatzen ikasteko saioa, Zumardiaren eskutik

Ataria 2025eko urriaren 28a

Bihar, 17:30etik 20:00etara izango da ikastaroa, Zumardiaundian kokatuta dagoen Gurpilgunean. Aurrez eman behar da izena.

Zumardia elkarteak bizikletak elektrifikatzeko ikastaroa antolatu du biharko. 17:30ean hasiko da saioa, eta 20:00ak arte luzatuko da. «Gaur egun bizikleta elektrikoak gero eta gehiago erabiltzen dira, batzuetan, lanera joateko kotxea sahiesteko, beste batzuetan, berriz, aisiarako edo egunerokotasunean erabiltzeko», adierazi dute antolatzaileek.

Bizikleta bat «oso gustukoa» dugunean, alde batera utzi eta berri bat erosteko «pena» sentitzen dugula adierazi dute Zumardiatik. «Hala ere, badago alternatiba bat eta ikastaro honetan hori ikasiko dugu», gaineratu dute.

Ikastaroan parte hartzeko 10 euro ordaindu behar da, eta aurrez eman behar da izena info@gurpilgunea.com helbide elektronikora mezua bidalita. Izen-abizenak eta telefono zenbaki bat ematea eskatu dute antolatzaileek.

Euskal artzainen inguruko solasaldia

Bestalde, Zumardia elkarteak 'Euskal Artzainak Ameriketan' solasaldia antolatu du; hau ere bihar izango da, 19:00etan, Antxon Bandres Bidaiarien Txokoan. Tomas Ibarra Indakoetxea izango da hizlaria. Ibarra Zubietako (Nafarroa) joalduna izan da 1992tik eta hartzazaina 2015etik. Industriako lanetan ibili ondoren, Ameriketako Estatu Batuetara joan zen artzain, eta handik itzuli ondoren Gipuzkoako Foru Aldundiko basozaina izan da erretiroa hartu arte. Basozain lanetatik erretiratu ondoren, Euskal Artzainak Ameriketan elkarteari laguntzen aritu zen, euskal artzainek Ameriketan izandako bizipenak, dokumentazioa eta argazkiak berreskuratzen.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!