Azaroaren 7an eta 8an egingo dute Tolosan Esneki, Euskal Herriko gazten eta esnekien azokaren laugarren edizioa. Urtero bezala, hainbat jarduera egingo dituzte bezperan eta larunbatean izango da azoka berezia zein esnekien txapelketa. Aurten, ordea, ez da frisiar behien txapelketarik izango, dermatosi nodular kutsakorra prebenitzeko neurri gisa.
Larunbat goizean izango da esnekien txapelketa Beotibar pilotalekuan, eta Euskal Herriko lurralde guztietan ekoitzitako esneak, gaztak eta jogurtak lehiatuko dira bertan. Aurten, azkenean, 38 gaztandegitako 86 produktuk hartuko dute parte. Izatez 111 aurkeztu ziren, baina kategoria batzuetan lehiaketa osatzeko gutxieneko izen-ematea aurkeztu ez dela-eta, bertan behera geratu dira. Hain zuzen, ez da txapelketarik izango esne erosleetan.
Hori horrela, zortzi kategoria izango ditu txapelketak: gazta freskoak, pasta bigunekoak, urdinak, behi gazta onduak, ardi gazta onduak, ahuntz gazta onduak, jogurtak eta behi esne pasteurizatua; guztiak norbere esnearekin ekoitziak. Horiek gutxi ez, eta maila bakoitzeko irabazleen artean «txapeldunen txapelduna» ere hautatuko dute, hain zuzen, aurtengo Euskal Herriko gazta onena.
Epaimahaia, ohi bezala, elikagaien sektoreko profesionalek osatuko dute eta aztertu egingo dituzte esnekien itxura, testura, zaporea eta usaina. Goizeko 10:00etan hasiko dira produktuak dastatzen Beotibar pilotalekuan, eta aurrera egin ahala publikoaren arten banatuko dituzte probatu ahal izateko.
Lehiaketaz harago
Esnekien txapelketaz gain, beste hainbat jarduera egingo dituzte aurten ere, horien artean, azoka berezia, dastaketa gidatuak eta haurrentzako jarduerak.
Azokan, guztira, 24 postu jarriko dituzte eta 09:00etatik aurrera egongo dira jendaurrean zabalik. Euskal Herriko Gazta Mahaia dastaketa-gidatuak ere errepikatuko dituzte, eta dagoeneko zabalik dago izena emateko aukera. Gehienez 20 pertsonako taldeak osatuko dituzte, eta ordu erdiko lau txanda izango dira: hiru euskaraz eta bat, gazteleraz.
Familiei bideratuta, aldiz, bi tailer ere prestatu dituzte. Lehena azaroaren 6an izango da: Errapetik ahorainoko bidea. Haurrek esnea nondik datorren ezagutzeko antolatu dute ekimena elkarlanean Basque Culinary Center (BCC) eta Mantalako kideekin elkarlanean. Bigarrena, berriz, larunbatean egingo dute, Gipuzkoako Artxibo Orokorraren aurrean: Esnetan jarduerak. Behia jezteko simulagailua eta gazta freskoa egiteko tailerrak egingo dituzte. Lehenean izena emateko epea zabalik dago dagoeneko, eta bigarrenean ez dago aurrez izena eman beharrik.
Aipatutakoez gain, beste berrikuntza bat ere izango da aurten: Tolosako hiru ikastetxeekin eta Euskal Esnekigileen Elkartearekin elkarlanean saio pedagogikoak egingo dituzte esnearen jatorria eta ekoizpena ezagutarazteko. Hain zuzen, Gosari eta esnekien dastaketak egingo dituzte ikasleekin, tokiko esnekigileek gidatuta.
Frisiar behien txapelketarik ez
Joan den astean aurreratu moduan, aurten ez dute Euskal Herriko Frisoi Txapelketa egingo, dermatosi nodular kutsakorra prebenitzeko neurri gisa. Egoeraren «larria» gogora ekarri dute Aitor Agirresarobek, Tolosako Udaleko Merkataritza, Turismo eta Azoka zinegotziak; Imanol Zubelzu Mantala Basque Gastronomy proiektuko arduradunak eta Mikel Arrillaga HAZI fundazioko ordezkariak: «Ganaduzaleak arduraz jokatzen ari dira, eta elkartasuna eta babesa adierazi nahi dizkiegu une gogor hauetan».
Zubelzuk gaineratu du esnekiak ondareari eta elikadura tradizioari lotuta ulertzen dituztela, eta ondare hori jasotzera bideratuta antolatu dituztela jarduerak BCCtik: «Prozesu guztia nolakoa den ikasteko aukera izango dute etxeko txikiek. Azokak ez dira salerosketarako gune soilik, lehen sektorearen eta herritarren arteko harremana sendotzeko aukera baizik».
Era berean, Mikel Arrillaga HAZIko marka eta merkatu arduradunak nabarmendu du lehen sektoreko arlo horri balioa ematea dela ekimenaren helburua, besteak beste: «Hasierako helburuak ari gara lortzen; pixkanaka sendotzen ari da ekimena. Azoka hauek oso garrantzitsuak dira jendearengana sektoreko errealitatea gerturatzeko».
Egitaraua
- Astelehena, azaroak 3
- 09:30. Emeterio Arrese. Gosari-hamaiketakoa Herrikideko eta Laskoraingo ikasleekin.
- Osteguna, azaroak 6
- 18:00. Beotibar pilotalekua. Errapetik ahorainoko bidea: familientzako esperientzia hezigarria.
- Ostirala, azaroak 7
- 11:00. Emeterio Arrese. Gosaria Samaniegoko ikasleekin.
- Larunbata, azaroak 8
- 09:00. Trianguloa plaza. Euskal Herriko Gazta eta Esnekien IV. Azoka Berezia.
- 10:00. Beotibar pilotalekua. IV. Esneki Txapelketa.
- 10:00. Beotibar pilotalekua. Euskal Herriko Gazta Mahaia: dastaketa gidatua.
- 10:00. Euskaraz.
- 10:45. Euskaraz.
- 11:30. Gazteleraz.
- 12:15. Euskaraz.
- 10:30. San Frantzisko pasealekuan, Gipuzkoako Artxibo Orokorraren inguruan. Esnetan jarduerak: esne freskoaren dastaketa eta gazta freskoaren tailer praktikoa.
- 11:00. Kalez kale. Tolosako txistularien kalejira.
- 13:00. Beotibar pilotalekua. Txapelketako gazta dastaketa: epaimahaiak probatu ahala, publikoaren artean banatuko dituzte produktuak unean dastatu ahal izateko.
- 13:00. Beotibar pilotalekua. IV. Esneki Txapelketaren sari-banaketa.