Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuarekin bildu ondoren, LAB eta ELA ondorio batetara iritsi dira: «Eman dituen xehetasunek ez dute bermatzen Tolosaldeko herritarrentzat 100% publikoa izango den eta zerbitzu guztiak izango dituen osasun arretarik, ez eta Asuncioneko langileak ospitale berrian lanean jarraitu ahal izatea». Horregatik, mobilizazioa antolatu dute azaroaren 22an, «Asuncioneko 350 langileren enplegua bermatu dadin eskatzeko».
Langile horiek urte asko daramatzate Tolosaldeko ospitale publikoaren aldeko aldarrikapenetan murgilduta. Azaldu dutenez, «hasieratik zehaztutako hiru aldarrikapen nagusi horietatik, egun, ez dago bat bera ere bermatuta. Izan ere, egunotan Osasun sailburuak bai enpresa batzordeari emandako zein publiko egin dituen berriak kontuan hartuz, gaur egun, Asuncionen lanean dauden 350 langileek ez dute inolaz ere bermatuta lanean jarraitzea». Gogoratu dute, hauetako langile asko urte luzez aritu direla eskualdeko herritarrei zerbitzu publikoa ematen, «pribatizatuta eta egoera kaskarrean».
LAB eta ELA sindikatuen arabera, sailburuak hitzez mahai gainean jarri duen proposamenak «soluzio partziala eta denboran mugatua eskaintzen du, eta ez dugu ontzat ematen».
Donostiako Onkologikoko langileekin gertatua eredutzat hartu dute: «Duela gutxi subrogatuak izan dira eta gaur egun Osakidetzako langileak dira. Beraz, ahoz egindako proposamen honetan, atzera egin dezala eta Onkologikoan egin den bidea hartzea eskatzen diogu».
Ospitale berriak izango dituen zerbitzuei buruz, plan funtzionalik ez dagoenez, xehetasunak falta direla esan dute. «Hala ere, aurreratu dituen datu batzuk aztertuta, %100 publikoa izango den bermerik ez dago, ezta aldarrikatzen dugun zerbitzu guztiak izango dituen eskualdeko ospitalea izatea ere, besteak beste, OSI Donostialdeatik zintzilikatutako bereizmen handiko anbulatorio baten itxura duelako», zehaztu dute langileek.
Beste aldarrikapenekin batera, langileek Osasun sailburuari subrogazioa eskatu diote. Edo, bestela, Tolosan eraikiko den ospitale berrian subrogatuak izango direla bermatzea.
Testuinguru honetan, LAB eta ELA-k deituta, gaur elkarretaratzea egin dute Asuncion Klinikaren atarian, eta azaroaren 22rako manifestazioa deitu dute. Ahalik eta jendetsuena izan dadin, eta inoiz baino ozenago aldarrikatu beharra dagoela iritzita, sindikatuek eskualdeko eragileei atxikitzea eskatu diete eta, bide batez, Tolosaldeko alkateei, langileen subrogazioa bermatzen ez bada, proiektua ontzat ez ematea eskatu dute.