Elkarrizketa

«Gerrari eta zentsurari buruz hitz egin behar da, isiltasuna ez delako ona»

Josu Artutxa Dorronsoro 2025eko urriaren 28a

Maitena Illarramendi 'Kateriñe' komikiaren egilea. Iturria: Erein argitaletxea.

36ko gerran bizitako istorioak idatzita jaso zituen Katalina Letamendi tolosarrak. Haren biloba Maitena Illarramendik euskarara itzuli ditu testigantzak, eta Iñigo Sarasola ilustratzailearen marrazkiekin, 'Kateriñe' komikia sortu du.

36ko gerrak eragindako suntsipenaren lekuko izan zen Katalina Letamendi Kateriñe tolosarra. Tropa frankisten bonbetatik eta mehatxuetatik ihes egin behar izan zuen. Kaosaren erdian, egunerokoa izan zuen babesleku; sufrimenduz eta oroitzapenez betetako bitakora bat. Haren biloba Maitena Illarramendik (Donostia, 1976) ihesaldiaren eta biziraupenaren testigantzak bildu eta euskarara itzuli ditu, ondoren, Kateriñe komikia sortzeko. Iñigo Sarasola ilustratzaileak egin ditu marrazkiak, eta Erein argitaletxeak argitaratu du.

Nor zen 'Kateriñe'?

Nire amama zen, eta aldi berean, ama ere izan zen niretzat. Hamabi seme-alabetan gazteena zen, eta pertsona oso garrantzitsua izan zen biloba guztion bizitzan. Nortasun handiko emakumea zen, oso abertzalea. Oso etxekoa zen, eta oso gertukoa. Nerabezaroan berarekin bizi izan nintzen pare bat urtez, eta harreman platonikoa izan genuen. Amamaren zale sutsua izan naiz beti, berarekin konexio handia daukat oraindik, eta presente dago nire egunerokotasunean. 

Sentibera ere bazen; sentitzen zuen guztia azaleratzen zuen. Edozeri buruz hitz egiten zuen, eta guztia kontatzen zuen; gaur egun ez da batere ohikoa hori. Eta hitz egiteaz gain, idatzi egiten zuen. Eguneroko bat idazten zuen, eta 36ko gerra garaiko memoriak ere idatzita utzi zituen. Horietatik jaio zen komikia.

Zergatik izenburu hori?

Iñigo Sarasola ilustratzaileak aipatu zidan buruan bueltaka zebilkiela amamaren gerra garaiko memoriekin zerbait egiteko ideia, eta poz handia sentitu nuen. Azken urteotan, isil-isilik egin ditu marrazkiak; inork ez zekien marrazten ari zela ere. Gerora, komikia sortzeko ideia landu genuen, eta biek erabaki genuen izenburu hori jartzea. Badakit amamari izen hori izatea gustatuko litzaiokeela.

Gerra garaian idatzitako testuak suntsitu egin behar izan zituen, beldurragatik, eta gero, berriro idatzi zituen.

Amama oso hiztuna zen, eta beti kontatzen zituen gerra garaiko istorioak. Beti idazten zuen, eta gero, senideoi erakusten zigun dena. Karpeta batean gordeta ditut berak idatzitako zenbait errezeta eta eskutitz. Gerrako kontuak idatzi zituenean, guztiok irakurri genituen; aurrez ahoz entzunak genituen istorioak ziren.

Zer sentitu zenuten idatzi haiek irakurtzean?

Hunkigarria izan zen. Niri asko gustatzen zitzaidan amamak idazten zuen edozer irakurtzea, batez ere, kontatzeko moduagatik. Bere espresioak oso bereizgarriak ziren, eta hitz egiten zuen moduan idazten zuen. Ahoz kontatutako istorioak idatzita daudenean barrurago heltzen zaizkigu. Gerrako testigantzen kasuan indar handia duten zenbait gertaera edo eszena daude, hausnartzeko aukera ematen dutenak. Amama beti izan da altxor handi bat.

Lanaren aurkezpenean senideen parte hartzea goraipatu zenuen. Amonaren bizitzaren zentroa, gehien axola zitzaiona, familia omen zen.

Testuak lantzea taldean egindako lan polita izan da. Prozesu horretan, konpromiso handia sentitu dut. Gaztelaniaz idatzita zeuden, eta euskarara itzuli nituen. Amamak bazekien euskaraz hitz egiten, baina idazteko gaztelaniara jotzen zuen. Badakit seme-alaben oniritzia eduki nahiko lukeela, lana guztiona delako, oso intimoa delako. Hori dela eta, haiekin elkartu nintzen, komikiaz hitz egiteko. Zuzenketaren bat edo beste egin bazuten ere, oso harrera ona izan zuen. Marrazkiek oso ondo irudikatzen dituzte hainbeste aldiz entzun ditugun istorioak.

Prozesu luzea izan da komikia sortzea?

Iaz, urte hasieran, ikusi nituen lehen aldiz Iñigok azken urteotan egindako marrazkiak. Sekulako lana zuen eginda, eta txundituta gelditu nintzen. Esan zidan ez zeukala ezer egiteko asmorik haiekin, eta lasai erabili nitzala nire proiektuetarako. Nik ezetz esan nion, marrazki haiek argitaratu egin behar zirela. Asier Serrano idazlearekin hitz egin nuen, eta bera jarri zen kontaktuan Erein argitaletxearekin. Azken urte eta erdian testuekin aritu naiz lanean, buru-belarri.

Zer egin zaizu errazena eta zer zailena?

Komikia sortzea nahiko erraza izan da. Hasieratik sentitu dut bulkada berezi bat. Iñigok marrazkiak erakutsi zizkidanean amamaren ahotsa sentitu nuen nire barruan, eta beharrezkoa iruditu zitzaidan zerbait argitaratzea. Ez dut zalantzarik izan testuak euskarara itzultzeko, ezta haren seme-alabekin elkartu eta hitz egiteko ere, badakidalako berak hala egitea nahiko lukeela. Amamaren ahotsa naiz, eta oso argi daukat berak horrela izatea nahiko lukeela.

Asierrekin hitz egin nuenean, berak aipatu zigun komiki bat argitaratu behar genuela, testuak murriztu, elkarrizketa gehiago txertatu eta irudiak indar handiagoa izateko. Buruhauste handiak izan nituen, zenbait momentutan amamaren ahotsa ezabatu behar nuelako, eta ez nintzelako horretarako gai. Esentzia galduko zuela iruditzen zitzaidan. Inguruko askok irakurri dute komikia, eta zenbaitek esan dit sumatzen duela amama zuzenean hitz egiten ari dela. Uste dut bunbuiloekin ez luketeela gauza bera sentituko.

Uxue Razkin editoreak aurkezpenean esan zuen zirraraz betetako istorioa dela. Zer sentitzen du irakurleak?

Gerra bat bizitzea zer den. Amonak askotan zioen gaur egun ezin dugula ulertu zer den gerra bat, ez dugulako inoiz bizi. Orain hedabideetan asko ikusten ditugu gerrak; pil-pilean dagoen gaia da, eta tentsio belikoa duen gizartean bizi gara. Hala ere, ez da berdina. Emakume batek lehen pertsonan kontatzen duenean, xehetasunekin, benetan ikusten da zer den gerra bat bizitzea. Irudiek ere asko laguntzen dute horretan. Sinbolikoki daude marraztuta, eta kolore eta estilo ezin egokiagoa dute. Komiki honek gerra baten erdian kokatzen gaitu.

Zuk aurkezpenean esandakoaren arabera, bake irrintzi bat da komikia. Zer helburu du?

Helburu bat baino gehiago ditu, baina horien artean bada bat nagusia. Amamak esaten zuen moduan, gerrari eta euskarari ezarritako zentsurari buruz hitz egin behar da, isiltasuna ez delako ona. Asko izan dira gerra bizi izan dutenak, baina etxean hitz egiterik izan ez dutenak. Isiltasuna hautsi egin behar da, bestela, zauria zabalik mantentzen da. Oraindik ere gai asko daude mahai gainean jarri beharko genituzkeenak; beldurra sumatzen da zenbait gaiez hitz egiterakoan. Asko dago hausnartzeko.

Bestetik, nahiko nuke ikustea goikoen eta behekoen arteko aldea; goikoek mugitzen dituzte fitxak, eta behekoek ordaintzen dugu mugimendu hori. Behekoek kontzientzia piztu behar dugu, eta goikoei «aski da» esan behar diegu.

Kateriñe komikiaren azala

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!