Tolosa goxoaren tenplua, berriro ere

Ataria 2025eko urriaren 25a

30 urte bete ditu gaurkoan Tolosa Goxua azokak. Honela, goxuaren abaraska bihurtu da herriko plaza, Trianguloa, beste behin eta herritarrek goxoari muzin ez diotela egiten erakutsi dute. Gainera, ezti lehiaketako eta sagar lehiaketako sariak banatu dituzte.

Goizeko lehen ordutik gozo usaina zabaldu da Tolosan barrena, Trianguloa plazatik sakabanatuta. Izan ere, Euskal Herri osotik etorritako 25 artisauek euren postre berezienak ekarri dituzte Tolosara. Eta Tolosaldeko herritarrek zein bisitariek ez diote hitzorduari muzin egin, postuz postu herritarrak gozoak probatzen eta erosten aritu baitira goiz guztian zehar.

Profesionalek ez ezik, ikasleek —Tolosako hiru ikastetxeetakoak— ere euren protagonismoa izan dute gaurko Tolosa Goxuan. Gozogileen eskutik abaraska gailetak egiten ikasi dute; ikasteaz gainera egindako hori dastatzeko aukera ere izan dute. Gainera, abaraskak bertaratutako herritarren artean banatu dituzte antolatzaileek. Gaurkoan inor ez da etxera bueltatu gozorik jan gabe.

Saridunak, bi lehiaketan

Bi lehiaketa egon dira jokoan gaurkoan, Tolosan: Tolosaldeko Ezti Lehiaketa eta Sagar Tarta Lehiaketa. Eztiaren lehiaketan partaide guztiak noski eskualdekoak izan dira; guztira 11 ezti diferente probatzeko aukera izan du epaimahaiak. Lan zaila izan dute nonbait epaileek, akordiora ezin iritsita, hitzartutakoa baino beranduago hasi behar izan baita sari-emate ekitaldia. Honela, lehen saria Berastegira joan da; hain zuzen ere, Mattin Salbarredik irabazi du Tolosaldeko 27. Ezti Lehiaketa.

Bigarren saria Tolosan bertan geratu da, Badaioko Balerdipeko Erleetan, hain zuzen ere. Inaxio Arin igo da oholtzara, korrika eta presaka, Tolosako Azokan bertan postua jarrita baitzuen. Eta hirugarren saria Villabonaraino joan da: Joxe Mari Otaño billabonatarrak jaso du saria.

Bestalde, bertaratutakoen artean ikusmina sortu du Sargar Tarta Lehiaketak. Guztira, 14 tarta aurkeztu dituzte Trianguloa plazako lehiaketara. Tartak epaitzeko lana ikasleen aurrean egin dute Nieves Saizarrek, Elena Arzakek, Armintz Gorrotxategik eta Jon Sorarrainek. Bi sari banatu dituzte honako lehiaketan. Lehen saria Joxean Erasun andoaindarrak jaso du —Tolosako gozotegietan gastatzeko 240 euroko balea—. Izena entzuterakoan ezin sinetsirik zegoen andoaindarra. Eta bigarren saria bestalde, etxean bertan geratu da: Miriam Arrue tolosarrak jaso du 180 euroko saria, hau ere Tolosako gozotegietan gastatzeko.

Behin sari banaketa amaituta, aurkeztutako sagar tarta puskak ikusleen artean banatu dituzte, Peñascal eskolako ikasleen laguntzarekin.

Omenaldia Gorrotxategiri

Gorrotxategi abizenak Tolosan pisu handia izateaz gainera, gozogintzan abiatu zirenetik urte mordoxka pasatu direla-eta, Tolosako Udalak omenaldia egin nahi izan dio Gorrotxategi sendiari. 100 urteko ibilbidea bete du aurten Gorrotxategik, eta herritarren aurrean omenaldia egiteko baliatu dute gaurko Tolosa Goxua azoka.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!