Aurten ez dute Euskal Herriko Frisoi Txapelketa egingo

Ataria 2025eko urriaren 24a

2023an egin zuten Euskal Herriko XIV. Frisoi txapelketako irudia. AITOR ARROYO

Behiei eragiten dien dermatosi nodular kutsakorraren aurrean prebentzio-neurriak hartu ditu Euskal Herriko Frisoien Federazioak; Esneki azokako gainerako hitzordu eta txapelketak bere horretan mantenduko dituzte, azaroaren 7an eta 8an.

Abere azokak bertan behera geratu dira Hego Euskal Herrian, dermatosi nodular kutsakorra dela eta. Kutsatutako abererik antzeman ez bada ere, prebentzio-neurriak hartu dituzte abeltzain eta erakundeek. Intsektuek transmititutako gaitz birikoa da, behiei eragiten diena; aldiz, gizakien osasunean ez du ondoriorik. Gaixotasunaren eragina, ordea, handia da abeltzainentzat, aziendako behi bakarra gaixotuta ere, guztiak hil beharko liratekeelako.

Kutsatzerik egon ez dadin abereen azokak debekatu dituzte Hego Euskal Herri osoan, azaroaren 30era arte, eta tartean da, Esnekiren barruan Tolosako Ferialekuan egiten den Euskal Herriko Frisoi Txapelketa. Debekuaren berri izan aurretik, atzo iluntzean bertan, Euskal Herriko Frisoien Federazioak txapelketa bertan behera uzteko erabakia hartu zuen, prebentzio modura.

Alarma ez, kezka bai

Aitor Agirresarobe merkataritza, turismo eta azoketako zinegotziak babesa adierazi die abeltzainei eta frisoien elkarteari: «Egoera zaila da, baina kutsatzerik balego, ondorioak are okerragoak lirateke; ekoizle txikientzat zama handiegi bat izango litzateke. Ez dugu alarmarik sortu behar, bai, ordea, kezka. Espero dugu bere horretan mantentzea egoera, eta normaltasuna ahal bezain pronto berreskuratzea. Aurrera begira, beso zabalik hartuko ditugu berriro ere Tolosan».

Esneki egingo dute

Frisoi txapelketa bertan behera geratu denez, behien presentziarekin lotuta azken urteetan egin diren jarduerak moldatu egingo dira. Ekitaldi horiek berrantolatzeko lanean dabil udala, antolaketan murgilduta dauden gainerako eragileekin elkarlanean. Gainerako hitzorduak, besteak beste, esnekien azoka, esnekiak egiten ikasteko tailerrak eta gazta eta esnekien txapelketa, egingo dituzte. Azaroaren 7an eta 8an izango dira jarduera horiek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!