Tolosa Eskubaloiko emakumezkoen lehen taldeak dagoeneko lau jardunaldi jokatu ditu ligan. Horietatik lehenengoa berdindu, bigarrena eta laugarrena irabazi eta hirugarren jardunaldian galdu egin zuen. «Gogotsu hasi gara», esan du Leire Estanga jokalariak. «Lehen partida berdindu arren, gazi-gozo utzi zigun, ia partida osoan aurretik joan baikinen, eta azken momentuan penaltia adierazi ziguten. Baina, aldi berean, pozik, partida ona izan zelako eta lan gogorra egin genuelako».
Irabazitako bi partidetan «lan ona» egin zutela gaineratu du. «Saiekoren aurka galdu egin genuen. Ligan ondoen aritzen den taldeetako bat da. Lehen zatia oso ona egin genuen, baina aurten taldean ez gaude jende asko, eta partida horretara ere ez ginen gehiegi azaldu. Bigarren zatian indargabe geratzen zara eta partida joan egin zitzaigun. Lehen zati oso ona egin genuen, eta taldeak eutsi egin zuen».
Bosgarren postuan dago Tolosa Eskubaloia, bost punturekin, sailkapenaren erdialdean. «Helburua beti irabaztea da, baina gero ez da hain erraza izaten lortzea. Gure jokoa egin nahi dugu, gure onena eman, eta ahal dugun gorenen geratu», esan du Estangak. «Jubenilak igotzeko oraindik bi urte falta dira eta horrek ez ditu gauzak errazten. Gaudenak gazteak gara, baina gero beste gauzak ere ateratzen dira, eta horregatik partaide kopuruari eutsi nahi diogu».
Gaur egun ez dago klubean jubenilen talderik. «Datorren urtean lortuko da jubenilen taldea izatea, eta, beraz, bi urtetan ez da jokalaririk igoko. Nabaritzen da aurten ez dela inor igo, eta betiko berdinek jarraitzen dugu».
Gipuzkoako lehen mailan daude tolosarrak, eta denboraldi honetan federazioak bigarren maila atera du. Lehen mailatik euskal mailara lehenengo sailkatua igotzen da, eta 2.etik 5.era artean kanporaketak jokatzen dituzte. Aurreko denboraldian iritsi ziren kanporaketak jokatzera, eta aurten hori lortzen badute «oso pozik» hartuko dute.
Denboraldi honetan entrenatzaile berria dute. «Entrenatzaile bakoitzak bere jokoa du eta bere moduak ditu gauzak egiteko», esan du Estangak. «Aurretik zeuden bi entrenatzaileek ezin izan zuten jarraitu eta Alfonso Rivera etorri da. Oso gustura gaude, baina esan behar da nahiko gogorra dela. Entrenamendu gogorrak izaten dira, baina gero partidetan emaitza ikusten da».
Asteburuan Zurizuri Group Legazpi taldearen aurka dute partida tolosarrek, etxetik kanpo. Aurkariek ez dute partidarik irabazi oraindik, baina erraza izango denik ez dutela pentsatu behar esan du Estangak: «Partida guztiak azkenean erronka dira, eta horrela hartu behar dira. Norberak egin behar du bere jokoa eta eman behar du duen guztia irabazi ahal izateko».