Tolosako hiru eremutako errealitatearen berri eman die udalak bizilagunei

Ataria 2025eko urriaren 23a

Tolosako Zabalarreta parkearen artxiboko irudia.

Landa eremuetako auzoetan, San Estebanen eta Bidebieta-Iparragirre-Izaskun inguruan saio bana egin du udalak, AuzoEkin proiektuaren lehen fasearen emaitzak aurkezteko; eremu horietarako hobekuntzak eta ideia berriak proposatzeko epea zabalik da, igandera arte.

Tolosako Udalak AuzoEkin proiektuaren bigarren faseko lehen saio bana egin berri du herriko hiru eremutan: San Esteban auzoa, landa eremuko auzoak eta Bidebieta-Iparragirre-Izaskun ingurua. Saio horietan lehen fasean eremu bakoitzean egindako diagnostiko integralaren ondorio nagusiak helarazi dizkie auzotarrei. Udal langile eta ordezkari politikoei ere eman die ondorioen berri.

Diagnostikoa gauzatzeko informazio estatistikoa aztertu du udalak, eta inkestak egin ditu auzotarrekin. Hiru eremuetan 2.543 biztanle bizi dira guztira, eta 562 inkesta egin dituzte. Horrez gain, talde eragilearekin saioak, elkarrizketa sakonak, eztabaida taldeak eta ibilaldi gidatuak egin dituzte, beharrak identifikatu eta aztertzeko.

Bidebieta-Iparragirre-Izaskun

Gaztetze fasean dagoen eremua da. Azken hamarkadan % 15 hazi da biztanleria, eta biztanleria osoaren laurdena eremura etorri berria da —gehienez 5 urte daramatza bertan bizitzen—. Batez besteko adina 45 urtekoa da: gehienak 35-54 urte artekoak dira, % 26,7. 15 urtetik beherako haurrena da hazkunderik handiena: 2015ean % 6,2 ziren, orain, % 15,3. Jatorriari erreparatuta, % 8,5 atzerritarrak dira, gehienak, latinoamerikarrak eta afrikarrak. 

Langabezia-tasa txikia bada ere —% 5 baino gutxiago—, egoera ekonomikoa apala da, oro har: eremuko biztanleen laurdenak hilabete bukaerara iristeko zailtasunak ditu. Bizilagunen gehiengoa ez-aktiboa da, eta etxebizitzaren kostuak presio handia eragiten die. 2,5 pertsona bizi dira etxebizitza bakoitzeko. Erdia jabetzan duen etxebizitza batean bizi da, eta, oro har, etxebizitzen egoera ona da. 

Bizilagunen ekarpenen arabera, auzoak bi lehentasun nagusi ditu: espazio publikoaren bizi-kalitatea eta komunitatearen aktibazioa. Zabalarreta parkea auzoaren bihotz eta topagune potentzial gisa ikusten da, baina gaur egun egoera ahulean dago, eta bizilagunek haren birgaitzea lehen urrats gisa proposatu dute. 

Irisgarritasun arazoek —espaloien egoera, konektibitate eskasa, oinezkoentzako segurtasun falta...— kezka-iturri dira, eta konponbide zehatzak proposatu dituzte. Halaber, merkataritzaren gabezia eta lokal publiko hutsen aktibazioa auzoaren dinamizaziorako gako modura azpimarratu dituzte. «Prozesuak erakutsi du bizilagunek auzoarekiko atxikimendu sendoa dutela, nahiz eta auzogintza oraindik mugatua izan», esan du udalak.

San Esteban

Neurri apalagoan bada ere, San Estebanen ere biztanleria hazi egin da (% 5,8). Igoerarik handiena 15 urtetik beherakoen artean eman da, hamarkada batean % 5 hazi baita adin-tarte hori, auzoko biztanleen % 16,9 izateraino. Auzoaren laurdenak 24 urte baino gutxiago ditu. Batez besteko adina, berriz, 43 urtekoa da. 

Langabezia-tasa esanguratsua du: % 12; herena, iraupen luzekoa. Diru-sarrerak apalak dira; hala ere, udalak ez du zailtasun ekonomiko orokortu bat antzeman, gastu maila neurrian egiten baita. Etxebizitzaren eskuragarritasuna eta alokairuaren presentzia altua —biztanleen ia erdia alokairuan bizi da—, gazteen emantzipazio altuaren eta biztanle berrien erakargarritasunaren erakusle dira. Batez beste 2,3 pertsona bizi dira etxe bakoitzeko.

Biztanleen % 40ak bost urte baino gutxiago daramatza bertan bizitzen, baina bizilagun berrien presentzia ez da oraindik auzogintza aktibo eta kohesionatu batean islatu. «Udalarekiko distantzia emozionala hautematen da, gainera, ia bi hamarkadaz luzatu den auzoko garapen urbanistikoa tarteko, utzikeria instituzionalaren pertzepzioak elikatua. Hala ere, bizilagunek auzoaren aktibo nagusiak argi dituzte: lasaitasuna, hurbiltasuna eta identitate kolektiboa», esan du udalak. 

Azpiegitura eta ekipamenduen egoerari dagokionez, gabezia zehatzak aipatu dituzte auzotarrek: komun publikoak, argiteria, iturriak edo estalkiak. Eta horiek auzoaren «duintasun sinbolikoarekin» lotzen dituzte. Ferialekuaren egoera ere auzoaren metafora bihurtu da: potentzial handiko espazioa, baina erabilpen eta mantenu faltagatik lausotua. Aniztasun kulturala eta belaunaldien arteko oreka funtsezko ardatz gisa ikusi dute auzotarrek.

Landa eremua

Aurreko bi eremuetan ez bezala, biztanleria jaisten ari da nabarmen: % 6,5 gutxitu da. Gainera, zahartze-prozesu sakona izaten ari da: ia % 5 hazi dira 65 urtetik gora dituzten auzotarrak. Dena den, batez besteko adina 47,5 urtekoa da. 

Belaunaldi berriek emantzipatzeko dituzten zailtasunek eragin zuzena dute, emantzipazio-tasa oso urria baita, %8koa. Etxebizitza eskaintza mugatua eta kanpotik etorritako jendea erakartzeko gaitasun eskasa giltzarri dira biztanleriaren beherakada azaltzeko. Lan-merkatuaren egoera orokorrean egonkorra da, eta errenta mailak erlatiboki lasaiak dira, batez ere, etxebizitzen jabetza orokortuak gastu presioa murrizten duelako. % 7ak baino ez du etxebizitza-gastuen gehiegizko zama, eta % 95ak ez du hilabete bukaerara iristeko zailtasunik.

Ekintza kualitatiboek argi utzi dute azpiegitura eta zerbitzuen gabezia dela auzoen kezka partekatuena: ura, saneamendua, argiteria eta bideen egoera dira lehentasun nagusiak. Arazo horiek ez dira zerbitzu faltatzat soilik ikusten, «jarraipen eskasaren sintoma gisa» baizik. Horregatik, bizilagunek udalarekin «harreman iraunkorrak eta egituratuak» proposatu dituzte, auzoen jarraipen teknikoa eta erabakietan parte hartzea bermatzeko. 

Ondarearen eta historiaren balioa ere azpimarratu dute eremuetako bizilagunek. «Paisaia, eraikin historikoak eta herribideak komunitatearen identitatearen ardatz gisa ulertzen dituzte. Auzogintza eta komunitatearen aktibazioa funtsezko zutabe dira, nahiz eta elkarteek belaunaldi erreleboaren eta baliabide faltaren erronkak pairatzen dituzten. Hala ere, herritarren prestutasun- eta inplikazio-maila altuak erakusten du bizitza sozial eta kulturala berpizteko potentzial handia dutela», azaldu du udalak.

Proposamenak egiteko aukera

Udalak dagoeneko zerrendatu ditu lehen fasean eremu horietako bizilagunengandik jasotako proposamen eta beharrak, eta ikusgai jarri ditu Erabaki.tolosa.eus plataforman. Hala ere, zabalik dago proposamen gehiago egiteko epea, auzotar guztientzat, hilaren 26ra arte (igandea). Bi modutara egin daitezke proposamenak: online, Erabaki.tolosa.eus plataforman, erregistratu eta zuzenean argitaratuta; edo, presentzialki, Udate herritarren arreta bulegoan, proposamena idatzita eramanda.

Askotariko iradokizunak jaso dituzte orain arte: bideen konponketa eta irisgarritasuna, gune berdeak, argiteria, bizikleta aparkaleku berriak, auzo elkartea sortzea eta jaiak berreskuratzea, besteak beste. Jasotako proposamenekin eremu bakoitzean bost urterako estrategia bana landuko du udalak. Denbora horretan garatu beharreko helburuak eta akzioak bildu nahi ditu udalak. Aurrerago deliberazio-saioak eta parte hartze aktiboko dinamikak uztartuko ditu, lehentasunak ezartzeko.

Lehenetsitako proposamenen azterketa teknikoa egin ondoren, datorren urtean egin beharreko lanen azken aukeraketa egingo du auzotarrekin batera. Aukeratutako lanak datorren urteko udal aurrekontuan txertatuko dira zuzen-zuzenean, eta eremu bakoitzak 60.000 euroko poltsa izango du. Era berean, kopuru hori gainditzen duten proposamenak datozen urteetako inbertsio- eta mantenu-planetan txertatzen ahaleginduko da udala.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!