Mendi bizikleta zaleentzako hitzordua

Ataria 2025eko urriaren 23a

XXXIV. Abraham Olano Mendi Bizikleta Martxa Herrikoia antolatu dute igande honetarako. 

Tolosako Olarrain auzoko Abraham Olano Peñak antolatzen du proba, eta Oriako Txirrindulari Eskola eta Urkizuko Alurtxiki elkartea dira laguntzaileak. Hasiera 09:30ean emango diote, eta izena egunean bertan emango dute parte hartzaileek, Olarrainen bertan. 15 euroko prezioa izango du federatuentzako eta 20 eurokoa federatu gabeentzako. Azken horiei seguru bat egiten zaie probarako, eta horregatik da prezioren aldaketa.

Ibilbideak urterokoa izango dira: ibilbide luzeak 32 kilometro eta 1.200 metroko desnibel positiboa du, eta ibilbide motzak 27 kilometro eta 1.000 metroko desnibel positiboa. Ibilbidea bera da, baina motzekoek aukera dute Albizturren lasterbidea hartzeko. Olarrain auzotik abiatuko dira txirrindulariak, eta Tolosatik itzuli bat egin ondoren berriro auzora bueltatu, eta Korteta eta Mutitegi baserrietatik barrena Urkizura igoko dira. Handik, Dama Iturriko bidetik barrena Lizardiko monumentura jaitsi, Kortetara eta hortik Albiztur aldera joko dute. Albizturren anoa-gunea izango da eta hor izango da aukera ibilbide motza egin nahi dutenek zuzenean Urkizura igotzeko. Gainontzekoak Bidaniko gainera joango dira, handik Urkizuko antenara eta gero Urkizu auzora. Behin Urkizura iritsi ondoren, Olarrain auzora jaitsiko dira.

Iaz ez zen egin martxa. «Gipuzkoako Txirrindulari Federazioak Eusko Jaurlaritzako Barne Sailarekin zuen gatazka zela eta, federazioari gure babesa erakustea erabaki genuen eta martxa ez egitea», zehaztu du antolakuntzak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!