Dotore Eguna ospatuko dute Tolosan, azaroaren 1ean

Josu Artutxa Dorronsoro 2025eko urriaren 23a

Herriko zenbait gazte ari dira antolatzen, eta lehen aldiz egingo da; kalera dotore jantzita ateratzeko deia egin dute. 200 pertsona inguru elkartuko dira bazkarian.

Tolosan ospakizun berri bat izango da azaroaren 1ean: Dotore Eguna. Herriko bi gazte kuadrilla ari dira antolatzen, beste zenbait gazteren laguntzarekin, eta eguerditik aurrera, egun osorako egitaraua prestatu dute. 13:00etan hasiko da, Iraunkorrak txarangaren kalejirarekin. 14:30ean brindisa egingo dute Berdura plazan, eta, ondoren, bazkari herrikoia, leku berean. Hura izango da ekintza zentrala, eta dagoeneko ia 200 pertsonak eman dute izena, baina bada aukerarik oraindik. Instagrameko @dotore_eguna kontura mezu bat bidali behar da horretarako, eta ondoren, 32 euro ordaindu behar da.

Bazkal ondoren, 16:30ean, Asier Saizar magoaren saioa eta zenbait sorpresa izango dira; 17:00etatik aurrera, Iraunkorrak txarangak joko du plazan; eta, amaitzeko, 19:00etan hasita, DJ Rani ariko da Alde Zaharreko kaleak musikaz girotzen.

Tolosan lehen aldiz ospatuko dute Dotore Eguna, baina Euskal Herriko beste herri batzuetan egiten dituzten antzeko ospakizunetan du jatorria ideiak. Azpeitian, adibidez, Elegante Eguna ospatzen dute. «Guk zergatik ez?», pentsatu zuten tolosarrek. Ideia kopiatu dutela aitortu dute. «Umoretik eta errespetutik esan nahi diegu azpeitiarrei iaioak direla beste herrietako festak kopiatzen. Orduan, zergatik ezin dugu gauza bera egin? Ideia hartu dugu, eta hobetzen saiatuko gara, umiltasunetik, noski».

Soinean jantzi dotoreekin kalera ateratzeko deia egin dute antolatzaileek. «Asmoa da etxean ditugun eta erabiltzen ez ditugun arropa dotoreei eta jantzi zahar eta bereziei hautsa kendu eta berrerabiltzea. Ez da arropa esklusiboa behar, eta bakoitzak bere modura interpretatu dezake dotorezia. Tolosan, gainera, ez daukagu arazorik mozorrotzeko». Bazkaltzera ez doana ere gonbidatu dute dotore janztera, «jai irekia» izango baita.

Ideia guztiz finduta ez duen ospakizuna izan arren, motibazio handia dute antolatzaileek: «Ikusiko dugu zer erantzun izaten duen. Horren arabera, datozen urteetan jarraipena ematen saiatuko gara, hobekuntzekin. Ilusio handia egingo liguke tolosarron egutegian betirako geratuko den eguna izateak. Hainbat adin tartetara zabaltzea nahiko genuke, eta urteetan irautea».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!