Tolosako Gazte Asanbladak 2025-2026 ikasturteko aisialdi-eskaintza zabaldu du. Leire Etxezarreta eta Bittor Urkizar asanbladako kideek azaldu dute herrian dagoen behar bati erantzuten diola. Iaz Egurra Borroka Taldea sortu zuten, eta izandako erantzun ona ikusita, aurten modalitate gehiagotako saioak izango dira.
Zer aisialdi-eskaintza izango da ikasturte honetan Tolosako Gazte Asanbladan?
Leire Etxezarreta: Azken urteotan aisialdi-eskaintza zabala izaten ari gara, eta urtez urte areagotzen ari da. Iazko zenbait ekintza mantendu ditugu aurten, hala nola, arraun eta mus txapelketak eta Gazte Eguna, baina badira lehen aldiz martxan jarriko ditugun zenbait ere, besteak beste, mahai tenis txapelketa, askotariko ikastaroak, kontzertuak, 24 orduko areto futbol txapelketa, hitzaldiak eta formakuntza saioak. Horrez gain, doako pilates klaseak ematen hasi gara eta Egurra Borroka Taldeak entrenamendu saioak eskaintzen jarraituko du.
Zergatik zabalduko duzue eskaintza?
Bittor Urkizar: Beharrezkoa iruditzen zaigu gazte asanblada herriko gazteen erreferente izatea. Horretarako, ikasturte osoan zehar aritzen gara lanean, herrian dauden hutsune eta beharrak identifikatu eta horiei erantzuteko doakoa eta unibertsala den aisialdi-eskaintza bat prestatzeko.
Etxezarreta: Horren adibide da duela bi urte egindako arraun txapelketa. Tolosan gazteek aisiaz edo kirolaz gozatzeko ia beti ordaindu egin behar dute, eta horren aurrean, guztiontzako modukoa izango den eskaintzaren alde egiten dugu. Hori dela eta, urtero saiatzen gara zerbait berria gehitzen.
Besteak beste, iaz Egurra Borroka Taldea sortu zenuten. Zer dela eta?
Urkizar: Tolosan dagoen doako kirol eskaintza faltagatik sortu genuen eta hiru oinarri ditu. Batetik, ez dugu inolako eraso matxista, arrazista, LGTBIfobiko, klasista edo faxistarik onartzen. Bestetik, erakunde eta enpresetatik kanpo antolatuta dago. Azkenik, zapalkuntzarik gabeko gizarte hobe baten alde norabideratzen da. Ezpala gaztetxean egiten ditugu entrenamenduak.
Harrera ona izan zuen lehen ikasturtean?
Etxezarreta: Arrakasta handia izan zuen. Herriko gazte asko gerturatu ziren eta talde egonkor bat sortu eta mantentzea lortu genuen. Lehen entrenamendu saioetarako Ezpalan ez zegoen gimnasiorik, hau da, azpiegitura aldetik zerotik hasi ginen. Egurra taldeko kide guztien antolakuntzari eta laguntzari esker, urte bakarrean gimnasioak bilakaera handia izan du. Ikaragarri hobetu dute, eta hori txalotzekoa da. Ondorioz, aurten entrenamendu saioak egiteko oso egoera onean dago. Gainera, horri esker, pilates ikastaroa edo arte martzial mistoko entrenamenduak egiteko aukera daukagu.
Ikasturte honetarako baduzue berrikuntzarik?
Urkizar: Irailean hasi genuen bigarren ikasturtea, eta eskaintza zabalagoa da. Entrenamendu saioak egiteko egun eta ordutegi gehiago ditugu aurten. Horrez gain, borroka modalitate berrien ikastaroak eskaintzen hasi gara. Iaz boxeoa soilik lantzen genuen. Aurten, berriz, hasiberrientzako boxeoa, boxeo aurreratuagoa, kick boxing-a eta arte martzial mistoa lantzen ditugu. Halaber, lehen esan bezala, pilates saioak ere ematen ditugu.
Etxezarreta: Jabetu ginen boxeoaz harago beste modalitate batzuk eskaintzeko indarra eta aukera genuela, eta herriko gazteen eskaria ere izan zen. Hori izan da aurtengo apustua.
Eta zer erantzun izaten ari da aurten?
Etxezarreta: Oso erantzun ona izaten ari da. Jende asko ari da Ezpalara joaten, eta denak gogotsu daude entrenamenduekin jarraitzeko. Hori dela eta, iaz bezala, aurten ere Egurra Borroka Taldearen jaialdia egingo dugu; azaroaren 29an izango da. Egitarau zabala antolatzen ari gara: hitzaldia, entrenamendua, kirol ikuskizuna, bazkaria eta kontzertuak.
Urkizar: Egurra Borroka Taldearen proiektua herrian gehiago zabaltzea nahi dugu, baita herriari begira eskaintza txukunagoa ematea ere. Aipatzekoa da enpresa edo erakundeetatik kanpo finantzatzen den taldea dela, eta beraz, ikasturtean zehar izango ditugun gastu ekonomikoei aurre egiteko beharrezkoa zaigula horrelako jaialdi bat egitea.