Gau Beltza berriro itzuliko da Tolosako Alde Zaharrera

Ataria 2025eko urriaren 22a

Iazko edizioarekin gustura geratu ondoren, berriro ere Tolosako kaleetara eramango du misterioa Galtzaundik. Urriaren 31n, 19:45ean, Soldadu kaletik irtengo dira, Pizkundea plazan amaitzeko. Ez da aurrez izena eman behar.

Tolosako Alde Zaharrean bigarrenez ospatuko da aurten Gau Beltza, Galtzaundi Tolosaldeko Euskaltzaleen Elkarteak antolatuta. XX. mendearen erdialdera arte euskarari eta euskal landa-eremuari oso lotuta egon zen tradizioa berreskuratzea da helburua.

Aurtengo ekitaldiaren barruan, misterioa eta antzerkia uztartzen dituen Arimen ibilbidea antolatu da. Ibilbidea Soldadu kalean hasiko da, Rondila kaletik Atadi eta ondoren Zerkausira, Plaza Zaharra zeharkatu ondoren, Euskal Pizkundea plazan amaituko da. Amaieran, dantza, musika eta antzerkia uztartzen dituen ikuskizun batekin borobilduko da ekitaldia, sorpresak barne.

Parte hartu nahi dutenek ez dute aurretik izena eman beharko; nahikoa izango da ekitaldira bertaratu eta 19:45ean hasiko den taldera batzea.

Gau Beltzeko jantziekin

Galtzaundik, halaber, herritarrak Gau Beltzeko jantziekin mozorrotzera animatu ditu, baita makilak eta kandelak eramatera ere, antzerkiaren giroan parte hartzeko.

Gau Beltza antolatzen, Galtzaundiz gain, Udaberri dantza taldea, Tolosaldeko Ahots Gazteak abesbatza eta eskualdeko hainbat antzerkigile eta euskaltzale aritu dira. Guztira 60 boluntariok baino gehiagok hartuko dute parte ospakizunean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!