Tolosako elkarteen lana eta boluntariotza, Zerkausian erakusgai

Ataria 2025eko urriaren 22a

Zerkausian egin da gaur boluntariotza-azoka, herriko elkarteen lana eta boluntariotzaren balioa gizarteratzeko helburuarekin. Guztira, 26 elkartek hartu dute parte Udalak eta Inmakulada Lanbide Ikastolak elkarlanean antolatutako ekimenean.

Goiz osoan zehar, 10:00etatik 13:30era, Tolosako herritarrek eta ikasleek aukera izan dute elkarte ezberdinen jarduna bertatik bertara ezagutzeko. Azokaren bidez, boluntariotza sustatzea, herriko elkarteen aniztasuna ikusaraztea eta parte-hartzea bultzatzea izan dira helburu nagusiak.

Azokatik 665 ikasle inguru pasa dira, Tolosako ikastetxe desberdinetatik. Ikasleek aurretik egin dute lanketa elkarte horien inguruan, eta azokaren ondoren ere jarraituko dute hausnarketarekin. Parte hartzen dutenen artean, Tolosa&Co elkartearen eskutik, Tolosako kirol eta kultur jardueretan gastatzeko 10 bonu zozkatuko dituzte.

Herritarrei ere irekitako tartea izan du azokak: 11:15etik 12:15era, edonork izan du elkarte parte-hartzaileen lana gertutik ezagutzeko eta boluntariotza-lanetan izena emateko aukera.

Boluntariotzari buruzko azoka ez ezik, Gizalde elkarteak ere hitzaldi bat eskaini du Zerkausi azpiko ontziralekuan. Boluntariotzaren rolak eta elkartegintzako eginkizunak izan dituzte hizpide, eta Gipuzkoako esperientzia arrakastatsu batzuk partekatu dituzte. Ondoren, ikasleen eta elkarteen arteko hausnarketa-saioa egin da, Tolosan boluntariotza eta elkarlana indartzeko bideak aztertzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!