Berriro ere ziklo-krosaz gozatzeko aukera izango da Tolosan. Izan ere, larunbatean Garaje Tolosa Saria – IV. Pablo Arsuaga Oroimenezkoa egingo dute Iurreamendiko belardietan eta inguruetan, Oriako Txirrindulari Eskolak antolatuta. Iaz geldialdi bat izan zen, Gipuzkoako Txirrindulari Federazioko zuzendaritza batzordearen dimisioarengatik, eta ziklo-kroseko eta pistako hainbat proba bertan behera geratu ziren, Tolosakoa barne.
Lau proba izango dira, eta bakoitzean hainbat mailatan lehiatuko dira. 09:15ean hasiko da lehena, master 40/50/60 mailakoekin. «Urtero bada norbait 60 edo 70 urterekin parte hartu duena. Beraientzat bizigarri modukoa da», esan du Aitor Aiertza Oriako Txirrindulari Eskolako lehendakariak. 10:15ean kadete mutilen eta nesken txanda izango da. 11:15ean, junior mutilak, eta junior eta open neskak aterako dira. 12:30ean, open mutilak, elite eta 23 urtez azpiko mailakoak, eta master 30 mailakoak aterako dira.
Luzera baino denbora hartzen da kontuan ziklo-krosean. Lehenengo itzulia egiten denean epaileek ikusten dute zenbat denbora behar izan duten txirrindulariek, eta horren arabera guztira egingo dituzten itzuli kopuruak zehazten dituzte. Maila bakoitzean denbora kopuru bat hartzen da kontuan, eta horren arabera epaileek ikusten dute txirrindulariek zenbat itzuli behar dituzten denbora kopuru horretara iristeko.
Irteera eta helmuga Laskorain Ikastolaren aurreko errepidean izango da, eta aurtengoan ibilbideak berritasunak ditu. «Beste urteetan Iurreamendiko baratzeetatik pasatzen zen ibilbidea, baina eguraldi ona egiten badu Iurreamendiko egoiliarrak hortik paseatzen ibiltzen dira, eta arazo batzuk sortu izan dira», azaldu du Aiertzak. «Zati hori kendu egin dugu, eta horretaz aparte, orain arte egin gabeko zati bat jarri dugu: igoera indartsu bat. Helmuga parean aldapa bat dago, eta hori bai ala bai bizikleta bizkarrean hartu eta oinez egin beharko dute txirrindulariek. Euria egiten badu, arazoak izango dituzte lokatzarekin». Aldapa horretan soka batzuk jarriko dituztela gaineratu du, txirrindulariak horiei eutsita igo ahal daitezen.
Ikusleek goiz pasa eder bat egiteko aukera izango dutela azaldu du Aiertzak: «Iurreamandin jartzen bazara, Tolosara begira adibidez, hortik hiru aldiz pasako dira txirrindulariak itzuli bakoitzean, eta gero hainbat itzuli izango dira proba bakoitzean. Gainera, Iurreamendi inguruan bost minutuz mugituz, ibilbide osoa ikusteko aukera duzu». Bestalde, Oriako Txirrindulari Eskolak txosna jarriko du pintxoak eta edariak saltzeko.
Euskal Herriko zirkuituko lehen proba izango da Tolosakoa, eta txirrindulari onenak bertan izango dira lehian. Oriako Txirrindulari Eskolako partaideak junior eta kadete mailetan ariko dira, eta hamar bat mutil eta zortzi bat neska izango dira parte hartzen. Taldeko Maddi Ezeiza berastegiarra junior mailan lehen postuen lehian aritzea espero dute, orain gutxi Araban egindako proban lehen postua eta Burgosen egindakoan bigarrena lortu eta gero.