Gertakarien zergatia ulertzeko

Josu Artutxa Dorronsoro 2025eko urriaren 21a

Iratzar Fundazioak '1975. Dena jokoan zegoen urtea' erakusketa jarri du kultur etxean, larunbata bitarte.

Badira historian zehar ia ezer gertatzen ez diren urteak, bolada luzeak. Beste urte batzuetan, berriz, historiaren norabidea goitik behera astintzen duten gertakari garrantzitsuak jazotzen dira, adibidez, 1975ean. Duela 50 urte, hiru hilabeteren buruan, Txiki eta Otaegi fusilatu zituen erregimen frankistak, Franco diktadorea hil zen, eta Juan Carlos I Borboikoak estatuburu kargua hartu zuen Espainian.

Iratzar Fundazioak urte hartan gertatutakoaren memoria jaso eta gaur egunera ekarri du. Euskal Herriaren ikuspegitik egin du lanketa, trantsizio espainiarrak Euskal Herriaren bilakaeran izan zuen eraginaz gogoeta egiteko. Hori guztia, 1975. Dena jokoan zegoen urtea erakusketan bildu du fundazioak; bilduma antolatzeko Olaso Dorrea Fundazioaren laguntza izan du.

Bada, Azpeitian eta Zarautzen ikusgai egon da ikasturte hasieran, eta egunotan Tolosako Antonio Maria Labaien Kultur Etxeko areto nagusian dago erakusketa. Larunbata izango da hura bisitatzeko azken eguna. Astegunez 11:00etatik 13:00etara eta 18.00etatik 20:00etara egongo da zabalik; larunbatean, berriz, 10:00etatik 14:00etara izango dute aukera erakusketa bisitatu nahi dutenek.

Atzo izan zen aurkezpen saioa, eta erakusketara joandako bisitariek ibilbide gidatua egin zuten Andoni Olariaga Iratzarreko kidearekin. «50 urte bete dira espainiar estatuan eta Euskal Herrian hurrengo hamarkadak baldintzatuko zituzten zenbait gertakari garrantzitsu izan zirela. Gaur egun Hego Euskal Herrian dugun egoera politikoa eta marko instituzionala ulertzeko funtsezko erabakiak hartu zituzten. Ondorioz, garrantzitsua da irakurketa kritikoa egitea, garai hartan mantendu ziren korapiloekin azaltzen direlako ondorengo hamarkadetan Euskal Herrian izandako gertakariak», azaldu zuen.

Transmisioan eragin nahia

Olariagak esan zuen hiru helburu dituela erakusketak. «Batetik, kontakizunaren edo ideien lehian gure alea jarri nahi izan dugu. Aldarrikatu nahi dugu memoria eraikitzeko garrantzitsua dela garai hartaz hitz egitea, baina politikoki testuinguruan jarrita, eta ez anakronikoki hitz eginda edo terminologia frankista erabilita. Atzera eta aurrera begira hitz egin behar dugu, eta kontuan izan behar dugu erabaki horiek usteltzen ari zen erregimen baten baitan kokatu zirela, baina bere buruarekin osorik bukatu nahi ez zuen erregimen baten barruan».

Bestetik, erakusketa herritarren artean ezagutaraztea eta gazteekin transmisio ariketa bat egitea nahi dute. «Urteek aurrera egin ahala, atzeraka goaz. Bitarteko ugari dago garai hartaz hitz egiten duena. Ikastetxeetan, ordea, material eskasia handia da, eta gainera, alde batekoa. Horrez gain, publikoak diren memoria elkarteek frankismoaren zuriketa egiten dute, zuzenean», salatu zuen. Eskolekin hitz egin eta ikasleentzako bisita gidatuak antolatu nahi dituztela ere aitortu zuen.

Azkenik, exijitzen dute Txiki eta Otaegiri bestelako aitortza bat egitea. «Ez dugu soilik bilatzen haien biktima figura aitortzea, baizik eta publikoki aitortzea demokraziaren, Euskal Herriaren askatasunaren eta sozialismoaren aldeko bi militante izan zirela, beste mundu hobe baten alde borrokatu zutenak», esan zuen Olariagak.

Fusilamenduak ulertzeko

Kronologikoki ordenatutako hamasei panelek osatzen dute bilduma. Hala ere, Olariagak aitortu zuenez, fundazioaren nahia ez da erakusketa historiko bat egitea. Panel horiek guztiak bost bloketan banatuta daude. Lehenengoan, frankismoaren erradiografia txiki bat dago, errepresioak eta erbesteak zer suposatu zuten ezagutzeko. Zenbait datu adierazten dituzte panelek, zenbakien bitartez, hala nola, hildakoak, desagertutako kartzelak eta analfabetismoa.

Bigarren blokeak errepresioaren datuak eta gertatutako atentatuak biltzen ditu, 1975. urte ingurua «garai aztoratua» izan zela azaltzeko. Hirugarren blokeak zuzenean hitz egiten du fusilamenduen aurreko eta ondorengo urteez, testuinguruan jartzeko. «Heriotza zigorren berri jakitean, Euskal Herrian ez ezik, mundu mailan mobilizazio erraldoiak izan ziren».

Gainerako bi blokeek trantsizio garaian gertatutakoa biltzen dute: nola burutu zen eta nola egin zuen euskal matxinadaren kontra. «Ondoren osatu zen 1978ko erregimenak zer zutabe antidemokratiko zituen ere azaltzen da bloke horietan: lurralde zatiketa, Borboikoaren koroatzea, estruktura frankisten jarraipena izenak aldatuta. Hori guztia testuinguruan jarrita, erakusketaren bitartez hobeto ulertzen da fusilamenduak zergatik gertatu ziren», gaineratu zuen Iratzarreko kideak.

Humanizatzeko materiala

Testuak eta irudiak uztartzen dituzten panelekin ez ezik, garrantzi handiko materialarekin ere osatu dute bilduma. Besteak beste, 1975eko pankarta bat dago. «Nahiko egoera prekarioan heldu da». Halaber, Txikiren eta Otaegiren senideek utzitako gauzak ere badira, horietako zenbait, haien zaletasunekin lotutakoak. Esaterako, Otaegiren jertse bat dago, hil aurretik kendu zuena. «Bi pertsona ziren, bakoitza bere bizitzarekin eta bere ametsekin, eta material horrek pixka bat humanizatzen du erakusketa», esan zuen Olariagak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!