Literatura, musika eta eszenaren uztarketa da gaur Tolosako Topic aretoan eskainiko duten Ai gure juaneteak ikuskizuna. Tartean Teatro konpainiaren antzezlanaren egilea da Patxo Telleria (Bilbo, 1960) eta taula gainean bera arituko da aktore nagusi, bi musikari-aktorerekin batera: Adrian Garcia de los Ojos eta Maider Lopez. Gaur 20:00etan hasiko da emanaldia.
Tartean Teatro konpainiatik aitortu dute antzezlanaren formatua ez dela «estandarra». Antzerkitik asko dauka, musikatik ere badu, kantu errezitaldi bat bezala ere kontsideratu daiteke eta agerraldi poetikotik ere badu partea. Esaniko hitzak edo spoken words mundu anglosaxoian ohikoa den egiteko era ekarri nahi izan dute eta «poesia garaikidea» bezala definitu du Telleriak: «Poesia egiteko modu berria da. Belarrira iristen denean, errima erabiltzen denez, ekartzen ditu gogora rap-a edo hip-hop-a, baina errima hori neurri librean darabil. Poesiaren eremu estuetatik aldetzen laguntzen digu neurri librean aritzeak, espontaneoago eta askeago jarduten dugu baina, aldi berean, errimak eskaintzen digun estetika eta indar berezia du».
Mikel Laboaren unibertso musikal eta poetikoan oinarritu dira ikuskizuna egiteko. Are gehiago, abiapuntutzat hartu dutela dio Telleriak. «Berrirakurketa bat da. Nik Laboaren zenbait kanta hartzen ditut, hamabi bat, eta irauli egiten ditut, guztiz. Hari horretatik tiraka hasi, eta gaur egungo gure gizartera dakartzat, nire esperientzia pertsonalera».
Patxo Telleria: «Berrirakurketa bat da. Nik Laboaren zenbait kanta hartzen ditut, hamabi bat, eta irauli egiten ditut, guztiz»
Bilbotarrak aitortu du beretzat nahikoa berezia dela antzerki lan hau. Azaldu du 40 urte baino gehiago pasatu direla Laboraren kantuak lehenengoz entzun zituenetik. «Gaur egun beste modu batera ulertzen ditut, ni neu aldatu naizelako; eta baita gizartea ere, gu guztiok aldatu gara».
Letra eta musika aldetik erabat berriak dira Ai gure juaneteak ikuskizuneko abestiak. Laboaren kantuak abiapuntu dira, baina horien aitzakian letra berriak eta doinu berriak sortu dituzte, «kontatzeko ikuspuntu berri bat baliatuta». Badira abesti intimoak, existentzialistak; eta badaude beste batzuk, politikoak eta sozialak direnak. Laboa ere itsaso horietan mugitzen zen eta modu berean jokatu du Telleriak lan honetan. «Askatasunari buruz, amodioari buruz, konpromisoari buruz hitz egiten zuen hark eta nik nire esperientziara ekarri ditut. Kantu sozialekin ere berdina egin dut».
Sortze prozesuak, askotan, krisialdi batetik edo barrena askatu beharretik jaiotzen direla esan du aktoreak. «Nik momentu batean sentitu nuen barrena husteko beharra. Nola nagoen eta mundua nola ikusten dudan kontatzeko gogotik abiatzen da ikuskizuna. Taula gainean nik neronek pertsonaia bat gorpuzten dut; ni neu naiz, baina ni poetizatu bat».
Ironia ez da faltako Ai gure juaneteak obran baina ikusleak topatuko duena ez da komedia bat izango. «Alde batetik arrazionala da, momentu askotan hausnartzera gonbidatzen dudalako jendea, baina, bestetik, oso emozionala ere bada. Hunkidura sortzen du publikoan».
Patxo Telleria: «Alde batetik arrazionala da, momentu askotan hausnartzera gonbidatzen dudalako jendea baina, bestetik, oso emozionala da. Hunkidura sortzen du publikoan»
2024ko Loraldian aurkeztu zuten antzezlana eta ordutik 20 alditan baino gehiagotan eskaini dute. Harrera «beroa» izan du obrak aktore nagusiaren hitzetan. «Jendeak, segur aski, espero ez duenarekin egiten du topo. Oso esperientzia potentea da ikuskizuna».
Telleriarekin batera, Adrian Garcia de los Ojos piano jotzailea eta Maider Lopez biola jotzailea izango dira agertoki gainean. Garcia de los Ojos arduratu da kantuen moldaketaz eta entseguetan Lopezek esku-hartzea «handia» izan du piezen birsortze horretan. «Nahiz eta kantu berriak izan, jendeari iritsiko zaio Laboaren oihartzun hori. Nire barrena askatzeko kantari handi hau aukeratu badut izan da unibertso hori denona delako, gure kulturan klasiko peto-petoa delako. Bere kantuak guztion ondarea dira eta barneratuta dauzkagu. Hain ezagun eta hain gureak diren kantuak eta gaiak abiapuntutzat hartzeak laguntzen du publikoarekin dugun harremanean, halako enpatia sakon bat sortzen da ikuskizunak irauten duen denboran».
Leidorren izana da Telleria, baina Topic-en behin ere aritu gabekoa da. «Oso gustura joaten naiz edozein herritara eta Tolosara, zer esanik ez. Badut Topic-en antzezteko gogoa, esan didatenez oso toki atsegina da». Ai gure juaneteak bezalako antzerki lan baterako horrelako aretoak egokiagoak direla uste du Telleriak, bilduagoak baitira eta publikoa agertokitik hurbil izaten baita. «Gertuko presentzia horrek mesede handia egiten dio ikuskizun honi».
Jokin Oregik zuzendu du lana eta bere ikuspegi «estetiko eta formala» eman dio Ai gure juaneteak obrari. Laboa beti ulertu dugu lotuta Zumetaren unibertso estetikoarekin eta eszenografiara ere eraman nahi izan dute hori. «Elementu eta koloreekin jolastu nahi izan dugu guk agertokian. Neurri batean Laboari eta Zumetari egiten diegun omenaldi bat da, eta, nola ez, haren kantuen letren egileei egindakoa ere: Sarrionandiari, Leteri, Artzeri...».
Patxo Telleria: «Artzek hori idatzi zuenean mundua modu batera ikusten genuen, etsai oso garbia genuen. Gaur egun munduan dauden injustizien ardura ez da bakarrik besteena, gurea ere bada»
Ikuskizunari izenburua, hain zuzen, Joxean Artzeren poema batean oinarrituta Mikel Laboak egin zuen kantu batean inspiratuta dago. Nire juaneteak izenburua zuen abesti hark eta Tartean Teatrokoek Ai gure juaneteak jarri diote izenburua antzezlanari: «Artzek hori idatzi zuenean mundua modu batera ikusten genuen. Francoren diktadurapean bizi ginen eta etsai oso garbia genuen. Kapitalismoa, bankeroak, militarrak eta frankistak ziren gure etsaiak eta gu haien biktimak. Poetak atzamarra sartzen dio begian txisteradun enpresariari, eta nik, ikuskizun honetan, atzamarra sartzen diot neure buruari eta gu guztioi, azken finean. Gaur egun mundua nahasiagoa da. Gaur egun munduan dauden injustizien ardura ez da bakarrik besteena, gurea ere bada, nirea ere bai. Zenbateraino egiten dugu justiziaren alde eta zenbateraino gure interes propio eta egoismoaren alde?».
Antzerkia maite, musika maite, Laboa maite duen edonork gaur Topic-en gozatu «ederra» hartuko duela uste du Telleriak: «Antzezlanean zer gertatu den kontatzen diotenean, azaltzen ez den horri ederki damutuko zaio joan ez izana».
SINOPSIA
Gaztetan uste nuen Laboak jiganteentzat kantatzen zuela, titanentzat, kolosoentzat. Gizakien hartu-emanak hobekitzen eta zama aroa laburtzeko gai ziren jiganteak. Lehen gorputzarena bezala orain gogoaren zilbor-hestea eteteko gai ziren titanak. Azken orduan arnasa galdu beharrarekin larritzen ez ziren kolosoak.
Laboaren kantak ikasi nituen garaian, nik jigantea nintzela uste nuen, titana, kolosoa.
Orain norabiderik gabe doan gizabere galdu bat besterik ez naizela dakit. Lehen baino txikiagoa. Lehen baino jakintsuagoa. Horregatik dakit Laboak, heroientzat ez, ni bezalako gizabere galduentzat kantatu zuela, lantzean behin jiganteak, titanak, kolosoak direla amesten duten gizabere galduentzat, lantzean behin jiganteak, titanak, kolosoak izan nahiko luketen gizabere galduentzat.
Laboaren kantak esango ditut nik, orain sentitzen ditudan moduan.
Barka nazatela hilda daudenek,
Gaztiga nazatela bizi direnek.

