Aurrez aurre izan dira berriro Jon Ander Peña eta Javier Zabala. Bi pilotariek uztailaren 7an Nafarroa Arenan jokatu zuten Lau eta Erdiko San Fermin txapelketako finala. Bertan Peña izan zen garaile, baina Zabalak errebantxa hartu dio gaur pilotari tolosarrari, partida 22-20ko emaitzarekin amaitu ostean.
Zabala partidaren hiru laurdenetan izan da nagusi, baina Peñak markagailuari buelta ematea lortu du (17-18). Hala ere, errioxarrari atsedenalditik erreakzionatzeko eta puntuak batzeko balio izan dio. Azken tantoa, ordea, sufritua izan da Zabalarentzat. Peñak sekulako defentsa erakutsi du, baina azkenean errioxarrak ongi errematatu du tantoa, partida irabaziz.
«Bera ni baino askoz gehiago izan da partida guztian». Hala adierazi du Peñak partida amaieran. «Gauza asko aldatu behar ditut, sanferminetatik hona jokoa asko aldatu dela iruditzen zaidalako; sakea atzeagotik egiten da eta pilotak koadro bat gutxiago ibiltzen dira. Ezaugarri horiek ez datozkit ondo, baina lanean segi beharra daukat, gaur bezalako partida bat aurrera ateratzeko gaitasuna dudalako eta oraindik aukerekin nago», gaineratu du.
Modu honetan, A multzoa gori-gorian dago; Peñak oraindik aukerak ditu finalerdietara sailkatzeko eta Zabalak finalerdiak zapaldu nahi baditu, Altuna III.ari irabazi beharko dio larunbatean agertoki berean. Amezketarra sailkatuta dago dagoeneko.