Harrera ona izan du Sahararen aldeko elkartasun azokak

Leyre Carrasco 2025eko urriaren 19a

Tolosaldea Sahararekin elkarteak, Tolosako kultur etxearen behe solairuan jarri du bigarren eskuko azoka. Bertan bildutako dirua Saharako kanpalekuetara bidaliko dute.

Tolosaldea Sahararekin elkarteak elkartasun azoka antolatu du egunotan. Hain justu, ostegunetik gaur arte Tolosako kultur etxeko beheko solairuan izan dira bigarren eskuko produktuak saltzen. Ana Elosegi elkarteko kideak azaldu duenez, «asko dira elkarteari dohaintzaren bat egin nahi diotenak, baina jasotzen duten material guztia ezin izaten dutela sahararren errefuxiatuen kanpalekuetara bidali». Horregatik erabaki dute kanpaina berria martxan jartzea. Zure laguntzak balio handia du izena jarri diote ekimenari eta urtean zehar egiten dituzten bilketen sarea borobiltzera dator, finantziazio iturri modura. 

Denetariko produktuak izan dira salgai; besteak beste, arropak, zapatak, jostailuak edota liburuak. Egitasmoak harrera ona izan dutela nabarmendu du Elosegik eta elkarteko kideak pozik geratu dira horrekin. Elkartasun azokan bildu duten dirua Saharako kanpalekuetara bidaliko dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!