Eredu berria eskatu dute osasun publikoaren aldeko herri plataformek

Ataria 2025eko urriaren 18a

OPA koordinakundean bildutako plataformek osasun publikoan inbertsio gehiago eskatu dituzte eta kudeaketarako eredu berri bat proposatu dute.

Gaur Amarotzeko auzo-etxean bildu diren OPA Herri Plataformek egungo osasun azpiegituren analisia egin dute bosgarren batzar nagusian eta aurrera begirako lan lerroak zehaztu dituzte. 18 talde inguru batu dira gaurko deialdira.

«Uste dugu osasun publikoak galera handia izan duela eta, alderantziz, sakondu egin dela eredu pribatuan, edo publiko-pribatuan». Prebentzioa eta lehen arreta lehenetsi beharrean, herri plataformen iritzian, gaixotasunetan eta ospitaleetan zentratutako eredu bat betikotu nahi dute gaur egungo arduradun politikoek.

Osasun arretarako eredu berria landu dute OPAn bildutako plataformek, eta exijitu dute eredu horretara gerturatzeko aldaketa «erradikala» egin behar dutela arduradunek, «lehenbailehen». Orain, euren proposamena sozializatuko dutela adierazi dute plataformek, alderdi politiko, gizarte mugimendu, sindikatu eta herritarrekin. Dagoeneko aurkeztu dute Osasun Sailean Osakidetza hobetzeko landu duten dokumentua, 13 estrategia biltzen dituena.

Kudeaketa % 100 publikoa izan dadin osasun publikoa «blindatu» egin beharra dagoela adierazi dute herri plataformek. Aldi berean, lehen arretara bideratutako aurrekontuak, gutxienean, % 25 egin behar du gora, haien iritzian: «Modu horretara prebentzioa bermatuko litzateke, osasun arazoak gutxitu, medikamentuen gehiegizko erabilera ekidin eta ospitaleratzeak murriztu». Proposatzen duten eredu berriaren beste bi alde nabarmendu dituzte: genero ikuspegia eta euskarazko arta.

«Inbertsiorik egiten ez bada ezingo zaio heldu guk proposatzen dugun eredu aldaketari. Eusko Jaurlaritzari gonbita luzatzen diogu osasun arretarako aurrekontua igo dezan, Europako Batasuneko batez bestekora hurbil gaitezen», adierazi dute herri plataformetako ordezkariek. 

TOPAko kideek ere parte hartu dute gaurko batzarrean. Haien izenean hitz egin du Jon Irastortzak eta esan du kezkatuta daudela haiekiko orain arte izan duten begirune faltagatik: «Ez dute inongo momentutan gure partaidetza eskatu eta, berriro ere, erabat inposatua izango den estrategia bat jarri nahi digute non eskualde ospitalerik gabe jarraituko dugun. Beste hamabost urtez luza daiteke orain arte Tolosaldeak pairatu duen esklusio egoera hori».

Osasun publikoaren gaia debate politikoaren lehen lerroan jarraitu nahi dute. «Tolosan ikusi dugu gizarte mugimenduok egiten ditugun saiakerek eragiten dutela Osasun Sailaren politika eta adierazpenetan». Irastorzak nabarmendu du astelehenean Osasun sailburuarekin izango duten bilera herritarren presioari esker lortu dutela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!