Tolosan azoka berezian garaia hastear da. Urriaren 25ean, larunbata, Tolosa Goxua azoka egingo dute Trianguloa plazan. 30. edizioa izango da, eta aurkezpena Rafa Gorrotxategiren gozotegian egin dute. Ez da kasualitatea izan: aurten, 100 urte beteko dituzte gozogileen munduan gorrotxategitarrek. Iaz iritsi ziren ezeizatarrak marka horretara, eta Gozonak, 100 urtetik gorako ibilbidea du. Guztiek parte hartuko dute hurrengo larunbateko hitzorduan. Horiekin batera, Aradulce gozogile iritsi berriak egongo dira.
Aurtengo edizioko izarra eta berrikuntza eztia izango da. Gipuzkoako Erlezain Elkartea azokan egongo da, eta Tolosaldeko XXVII. Ezti Lehiaketa antolatuko dute, «eskualdeko eztigileen lana balioan jartzeko helburuarekin». Horregatik sortu dute Abaraska izeneko galleta gozogileek.
Gozogile, erlezain eta ikasleak, elkarlanean
Urriaren 25eko azokaren aurretik, Tolosako hiru ikastetxeetan izango dira gozogileak eta erlezainen elkarteko kideak. Haurrei eztigintzaren eta gozogintzaren mundua erakusten saiatuko dira, elikadura jasangarriaren balioa azalduz.
Sagar Tarta Lehiaketa
Berrikuntzak egon arren, urteroko «klasikoek» ere euren lekua izango dute Tolosa Goxuan. Hor, Sagar Tarta Lehiaketa azpimarratu behar da. Trianguloa plazan egingo da eta izena egunean bertan eman behar da, bertan egongo den eszenatokian, 10:00etatik 11:00etarako tartean.
Epaimahaia, Nieves Saizarrek, Elena Arzakek, Armintz Gorrotxategik eta Jon Sorarrainek osatuko dute. Dastaketa 11:00etan hasiko da eta sari banaketa ekitaldia 12:00etan. Irabazleak Tolosako gozotegietan gastatzeko 240 euroko opari txartela irabaziko du. Bigarrenak, berriz, 180 eurokoa. Lehiaketan parte hartzen duten guztiek, opari bat jasoko dute, HAZI Fundazioaren eskutik.
Sagar Tarta Lehiaketaren sari banaketaren aurretik, 11:45ean, Tolosaldeko Ezti Lehiaketaren sariak banatuko dira.
Egitaraua
- 09:00-12:00. Tolosa Goxua Azoka.
- 10:00-12:00. Tolosako hiru ikastetxeetako ikasleek Abaraskak egingo dituzte Tolosako gozogileen laguntzarekin.
- 12:30. Abaraska dastaketa gerturatzen diren guztientzat.
- 12:30. Tolosa Kantari eta Tolosako Udal Txistulari Bandaren emanaldiak.