Tolosako elkarteek eta boluntarioek azoka egingo dute, urriaren 22an (asteazkena), Zerkausian. Udalak eta Inmakulada Lanbide Ikastolak antolatu dute elkarlanean, eta 10:00etatik 13:30era izango da. Boluntarioen lana ikusaraztea, boluntariotza sustatzea eta Tolosan jarduten duten elkarteen aniztasuna erakustea dira azokaren helburuak. Aurten, 26 elkartek parte hartuko dute.
Tolosako ikastetxeetako 665 ikasle inguru pasako dira bertatik. Guztiek, gainera, azoka baino lehen aurre-lanketa bat egingo dute ikastetxeetan elkarte horien jardunari buruz, baita ondoren ere. Azoka egunean, berriz, lanketarekin jarraitzeko fitxa batzuk bete beharko dituzte. Parte hartzen duten ikasle guztien artean Tolosako kirol eta kultur produktuetan gastatzeko 10 bonu zozkatuko dituzte, Tolosa&Co elkarteari esker.
Hala ere, herritarrek ere azokara joateko aukera izango dute, 11:15etik 12:15era bitarte. Elkarte parte hartzaileen jarduna ezagutzeko aukera izango dute azokara joaten direnek. Interesa dutenek, gainera, boluntario lanetan parte hartzeko izena emateko aukera izango dute.
Elkartegintzaz hausnartzeko
Boluntariotza-lanaren errealitateetan sakondu asmoz, aurten hitzaldi bat emango du Gizalde elkarteak. Zerkausi azpiko ontziralekuan izango da, 11:15ean. Elkartegintzako eginkizunen inguruan arituko dira, boluntariotza rolak ezagutu asmoz. Halaber, elkarlanean aritzeko Gipuzkoan dauden esperientziak ezagutaraziko dituzte. Segidan, Tolosan egin daitekeenari buruz hausnartuko dute ikastetxe bakoitzeko hiruna ikaslek eta azokan parte hartuko duten elkarteetako ordezkariek.