Bost jardunaldi jokatu ondoren, bi berdindu, bi partida galdu eta azkena irabazi du 1. Maila Nazionalean jokatzen duen Tolosa Eskubaloiko gizonezkoen lehen taldeak. «Kosta egin zaigu hastea. Beste urteetan hasieratik emaitza hobeak izan ditugu», esan du Julen Garcia kapitainak. «Aurten, bai lesioengatik, bai azken momentuko baja batengatik, taldea oso justu iritsi da denboraldi hasierara. Lehen bi jardunaldietan jubenil taldetik jokalariak igo behar izan ditugu».
Lehen bi partidetan berdindu egin zuten, baina irabazteko gai izan zirela esan du Garciak. Galdutako partida bat Eibarren aurka izan zen. «Eibar goran ibiliko den taldea da, eta nahiz eta ez irabazi, itxura oso ona eman genuen». Galdutako beste partidan ez zuten emaitza hori aurreikusten, eta azken jardunaldian lehen garaipena iritsi da, Hondarribiaren aurka. «Horrek balioko digu berriro sentsazioak berreskuratzeko».
Hamargarren postuan dago taldea, lau punturekin, baina horrek ez dio kezkarik sortzen Garciari: «Ez nuke esango kezkatzekoa denik. Bi partida berdindu ditugu, eta galdu dugun partidetako bat gol batengatik izan da eta bestea hirurengatik. Partida guztietan irabazteko borrokan izan gara, eta xehetasunengatik egin digute ihes». Liga egonkortzeko jardunaldi batzuk falta direla gaineratu du, eta lehen postuetatik ez daudela hain urrun. «Bi talde daude, Romo eta Zarautz, goran egongo direnak, beste liga batean jokatzen dutelako, eta beste guztia oso berdinduta dago». Tolosarrek Barakaldoren aurka dute asteburuan partida, etxetik kanpo. «Partida zaila izango da, urtero talde indartsua egin nahi izaten dutelako, eta fitxaketak egiten dituzte», azaldu du Garciak.
Tolosa Eskubaloia taldeak nukleo berari eusten dio, zenbait aldaketekin. «Ander Urangak eta Beñat Gibelaldek utzi zuten iaz, eta Iker Elolak taldea utzi zuen, eskaintza bat izan zuelako beste maila batean jokatzeko», esan du Garciak. Fitxaketa bakarra Diego Viles izan da. «Harrobiko taldea izanik, irtenbidea etxean bilatu behar da. Igo diren gazteak maila ona ematen ari dira». Taldearen helburuei dagokionez, Garciak azaldu du «ahalik eta gorenen» egon nahi dutela. «Astebururo lehiatzea da helburua, eta horrek emango digu partidaz partida puntu gehiago pilatzea».