Maiatzean 29 urte bete zituen Sorarrainek. 2022an bere kasa hasi zen lehiatzen afizionatu mailan, eta hor erakutsitako mailarengatik Caja Rural-Seguros RGA taldeak fitxatu zuen. Ingeniari mekaniko bezala zuen lana utzi eta txirrindulari profesional bihurtu zen tolosarra.
Sorarrainen hitzarmena berritzeko hainbat arrazoi eman ditu taldeak: «Taldekideei edozein eremutan laguntzeko gaitasuna, kategoriara azkar moldatu izana, eta bere ausardia hainbat ihesalditan sartzeko edo bere azkartasuna aprobetxatzeko talde txikietan». Aurtengo denboraldian, bigarren egin zuen Trofeu Joaquim Agostinhoko hirugarren etapan, eta Getxoko Zirkuitua lehen hamar postuetan amaitu zuen. Erorketek eta lesioek ere eragin diote tolosarrari: Paris-Nizan lepauztaia hautsi zuen, eta ezin izan zuen parte hartu Itzulian, aurtengo helburuetako bat. Halere, lehiakortasun handia eta maila handia erakutsi ditu lasterketetan parte hartu duenean, eta taldearekin bere hirugarren denboraldia amaitu du joan den larunbatean Tour de Vendee proban.