Osasun sailburua izango da Uzturre Foroaren hurrengo gonbidatua

Ataria 2025eko urriaren 15a

Uzturre Foroak zehaztu du zein izango den hurrengo hizlaria; Alberto Martinez Osasun sailburua. Astelehenean 19:00etatik aurrera Tolosaldea, osasuna eta etorkizuna hitzaldia emango du.

Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua izango da Uzturre Foroaren hurrengo gonbidatua. Astelehenean emango du hitzaldi-solasaldia, 19:00etan Tolosako Topic aretoan. Ekitaldia irekia izango da edukiera edo aforoa bete arte, eta gehienbat gazteleraz ariko direla aurreratu du foroak.

Osasun sailburuak Tolosaldea, osasuna eta etorkizuna hitzaldia emango du. «Horrela, Uzturre Foroak hausnarketa eta informazio zuzenerako gune bat eskaini nahi die Tolosaldeko herritarrei, gure eskualdean kezkatzen duen gai bati buruz, zeinak erronka handia suposatzen duen. Aurreko hiru topaketetan bezala, bertaratzen direnek beren galderak egin ahal izango dituzte, banatuko diren txartelen bidez», esan dute. Hitzorduari esker, besteak beste, gai hauek jorratuko direla gaineratu du: Euskal Osasun Sistemaren diagnostikoa, Osasunaren Euskal Itunaren esanahia eta proiekzioa, profesionalen defizitak dakartzan tokiko eta Europako arazoak, Tolosaldeko osasun-azpiegiturei begiratzea, eta, zehatzago, ospitalearen proiektua.

Uzturre Foroak gogoratu du Uzturre Foroko Adiskideak figura sortu dutela, eta urriaren 20ko ekitaldian informazio-diptikoak banatuko dituzte, nahi duenak izena eman dezan. Uzturre Foroko Adiskidea izateak, hiru inplikazio ditu. Lehenik eta behin, logikoki, erakundearen helburua partekatzea. Hau da, hausnarketa eta elkarrizketa partekatu eta lasaia bultzatzea Tolosaldean. Bigarrenik, Uzturre Foroak antolatzen dituen ekitaldiei edo argitaratzen dituen dokumentuei buruzko aldez aurreko informazioa jasotzeko prest egotea. Eta, hirugarrenik, foroko adiskideen urteko topaketa baterako gonbidapena jasotzeko prest egotea. Topaketa horretan parte hartzea librea eta borondatezkoa izango da.
 Erakundearen Talde Sustatzaileak argitu nahi du Uzturre Foroko Adiskidea izateak ez dakarrela inolako kuotarik ordaintzea. Diruz lagundu nahi duenak aurrerago sortuko den bazkide figuraren bitartez egin ahal izango du. Uzturre Foroko Adiskide izan nahi dutenek Uzturreforoa.eus webguneraren bidez egin dezakete. Halaber, info@uzturreforoa.eus helbidera ere idatzi dezakete, izen-abizenak, posta-helbidea, helbide elektronikoa eta telefonoa idatziz eta Uzturre Foroaren komunikazioak nola jaso nahi dituzten zehaztuz: posta arrunta, e-maila edo whatsapp-a.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!