Ikasgela modura erabiltzeko bi gela prestatu zituen apirilean Tolosako Udalak, Rondilla kaleko Gorosabel eraikinaren 3. solairuan. Geletako batek 14 lagunentzako lekua du, eta besteak, 10 lagunentzakoa. Orain arte astelehenetik ostiralera bitarte izan dira erabilgarri, baina dagoeneko eraikinera sartzeko txartel bidezko sistema jarri dute, eta aurrerantzean asteburuetan ere erabilgarri egongo da.
Sarbide-sistema hori jartzerako orduan zenbait arazo izan dira orain arte, eta horrek eragin du aukera hori atzeratzea. Arazoak konponduta, asteburu honetatik aurrera, larunbatetan eta igandeetan ere ikasgelara joateko aukera izango dute tolosarrek, baita jaiegunetan ere. 08:00etatik 20:00etara egongo da erabilgarri. Egun horietan, eraikinaren sarrera nagusitik sartu beharko da, bertan baitago txartelen irakurgailua. Astelehenetik ostiralera, berriz, 08:00etatik 21:00etara daude zabalik ikasgelak. Astegunetan eraikina zabalik dagoenez, ez da txartela erabili behar.
Orain arte, 70 bat herritarrek eman dute izena ikasgelak erabiltzeko, eta horiei zuzenean egingo zaie txartela. Oraindik izena eman ez dutenek, berriz, txartela eskuratzeko eskaera-orria aurkeztu beharko dute. Astegunetan soilik erabiltzeko asmoa izan arren, beharrezkoa da eskaera egitea.
Txartela eskuratzeko bi bide daude. Batetik, udalaren egoitza elektronikoan egin daiteke eskaera, lotura honetan, Online tramitazioa hasi aukeran klikatuta. Bestetik, UDATEn aurrez aurre eskatu daiteke eskaera-orria. Adin txikiko eskatzaileen kasuan, ikasgela erabiliko duenak ez ezik, haren gurasoek edo legezko tutoreak ere sinatu behar dute eskaera. Informazio gehiagorako, euskara@tolosa.eus helbidera idatzi daiteke.