Gaur egun, Araba Etorbidean dago Zutani elkartearen egoitza, baina txiki geratu da, dituen beharrei behar bezala erantzuteko. Ondorioz, Berazubi auzoko udal jabetzako lokal batera lekualdatuko da aurki, hain zuzen, Elkano kaleko 15. zenbakiko behe solairuko lokalera; Berazubiko Auzo Elkartearen lokalaren ondoan egongo da, beraz. Proiektuarekin denbora luzez lanean aritu eta gero, eta auzoko jaiak igarota, gaur hasiko dira gune berria egokitzeko obrak.
Lokalak 175 metro koadroko azalera izango du, eta bi eremutan banatuko da: biltegia eta elkartearen erabilerakoa. Biltegia Zutaniren elikagai bankurako izango da, eta horretarako, espazio ahalik eta diafanoena diseinatu da, komun eta arraska gune batekin. Elkarteak erabiltzeko eremuan, berriz, Zutanik eskaintzen dituen zerbitzuetarako —laguntza, formazioa, aholkularitza...— espazioak izango ditu: bulego bat, bi ikasgela eta komunak. Bi eremuak barrutik konektatuta egongo dira.
Proiektua Mireia Roca Zeberio arkitekto tolosarrak idatzi du, Zutani elkartearen beharrak eta lokalaren baldintzak kontuan hartuta. Obra kontratua Benta Berri Eraikuntzak SL enpresari esleitu zaio, eta obra zuzendaritzakoa, berriz, Arretxe Zerbitzuak SL enpresari. Lanak egiteko epea zazpi hilabetekoa da. Udalak 229.000 euro inguruko inbertsioa egingo du.
550 pertsonari arreta
Pobrezia eta bazterkeria egoeran dauden Tolosako familiei eta pertsonei arreta ematen die Zutanik, egoera horri aurre egiteko eta gizarteratzeko laguntza eta aholkularitza eskainiz. Elikagai Bankutik ekarritako elikagaien banaketaz gain, ikastaroak, integraziorako ekintzak eta sentsibilizazio jarduerak antolatzen dituzte. Gaur egun, 220 familia artatzen ditu, 550 pertsona guztira; horietatik 150 adin txikikoak.