Txakurrentzat egokitutako parke berri bat erabilgarri Iurre auzoan

Ataria 2025eko urriaren 14a

Paper kalearen eta Iurramendi pasealekuko etxe berrien artean dagoen berdegune bat egokitu du udalak. Oraindik ez dago amaituta, eta lan gehiago aurreikusten dituzte eremuan.

Txakurrentzako parke bat erabilgarri dago Iurre auzoan. Eremu horretan parke bat egiteko eskari ugari jaso ditu udalak. Hori dela eta, gune bat egokitu dute Paper kalearen eta Iurramendi pasealekuko etxe berrien arteko belardian.

Parke eta lorategiak partekatzerakoan sortzen diren elkarbizitza-arazoak ekiditea da helburua. Horregatik, pertsonen erabilerarako mugatuagoa den espazio batean egin da parke berria, baina txakurrentzat aproposa izan daiteke.

Dagoeneko itxitura egin dute, baina lan gehiago aurreikusten ditu udalak, besteak beste, panel informatiboak jartzea. Gunea arduraz eta txukun erabiltzea eskatu dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!