Asteklimaren seigarren edizioa urriaren 17tik 26ra izango da. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak sustatzen du, eta beste urte batez, Tolosako Udalak ere bat egingo du egitasmoarekin, herritarrak kontzientziatzeko helburuarekin. Testuinguru horretan, hiru ekintza antolatu ditu Tolosan.
Batetik, urriaren 21ean, Cimasub Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloko zazpi lan proiektatuko dituzte Topic museoko Antxon Elosegui aretoan; 19:00etan hasiko da emanaldia. Munduko argazkilari eta bideografo onenen esperientziak biltzen dituzten lan zinematografikoak ikusiko dituzte herritarrek. Hala, itsas paisaiarik ikusgarrienetan murgiltzeko aukera izango dute. Zikloaren helburua da ozeanoen kontserbazioa sustatzea, eta itsasoaren inguruko pertzepzioa indartzea, gure ozeanoei balioa ematen jakin eta, hartara, zaintzeko. Saioa doakoa izango da. Goizean, 10:30ean, Txikizikloa egingo dute Leidor aretoan, ikastetxeetako haurrentzat.
Hemen irakurri daitezke zazpi lanen inguruko xehetasunak:
- Red Alert on Corals. Singapurren grabatutako lau minutuko film laburra da, Olivier Bourgeoisek eta Emma Josefina Pettersonena. Koralezko arrezifeek mundu mailan bizi duten krisia du hizpide.
- Raja Ampat, the last paradise. David Galvan Fernandezen lanak Urrezko Baranda saria irabazi zuen jaialdian. Indonesiako Raja Ampat herriko ur kristalinoak erakusten ditu, eta neurriak hartu ezean, gal dezakegunaz ohartarazten du.
- A truly plastic neutral fishery. Kontzientzia ekologikoaren mezu onenaren Aquarium saria lortu zuen. Azoreetako arrantzontzien bidaia kontatzen duen dokumental laburra da, plastikoen lehen arrantza neutrala egin duena. Etorkizun iraunkorrago bat posible dela erakusten du Pape Brixenen lanak.
- Magic of the macroverse. Alfred Schaschlen lan honek film laburren sailean Urrezko Baranda irabazi zuen, Filipinetan grabatutako itsaspeko irudi liluragarriei esker. Filmak gizakien eta ozeanoen arteko lotura aztertzen du.
- Diaporama. CIMASUB jaialdiko argazki lehiaketara aurkeztutako 100 argazki onenak proiektatuko dira.
- Heart of the sea. Emakumeen lan onenaren Orain Gipuzkoa saria jaso zuen Shireen Rahimi zinemagileak. Bermuden iragana eta oraina lotzen ditu, itsaspeko biziaren eta Gombey dantza enblematikoaren bidez.
- El calderon tropical. Dokumentalen atalean Urrezko Baranda irabazi zuen lana da, Felipe Ravinak zuzendutakoa. Kanariar uharteetan girotua, kalderoi tropikal baten eta pertsona baten arteko harremana islatzen du, Tenerifeko biodibertsitatea babesteari buruz kontzientzia piztearekin batera. Uhartearen gehiegizko ustiapenaren eta garapen iraunkorrago baten aldarrikapena ere egiten du filmak.
Dokumentala, Leidorren
Urriaren 22an (asteazkena), Wilding, el regreso de la naturaleza dokumentala emango dute Leidor aretoan. 19:00etan hasiko da. 400 urteko lursail baten etorkizunerako, naturaren aldeko apustua egin duen bikote gazte baten historia kontatzen du. Bikote gazteak sustraitutako tradizio baten aurka borrokatuko du, eta bere baserriaren patua naturaren eskuetan jartzera ausartuko da: memoria bat eta landa-ekologiaren kontaketa bat da.
Zuhaitzen ibilbide gidatua
Azkenik, urriaren 26rako (igandea), Zuhaitzen itzalaren bila ibilbide gidatua antolatu dute. Tolosan topa daitezkeen zuhaitz esanguratsuak –tamainagatik edo historiagatik– ikusteaz gain, bidean topatutako beste zuhaitz multzo batzuk eta bitxikeriak ere aipatuko dituzte. Klima aldaketaren aurrean zuhaitzek izaten dituzten onurak eta funtzioak azpimarratuko dituzte. 11:00etan abiatuko da ibilbidea, San Frantzisko pasealekutik, Beotibar frontoiaren paretik, eta, gutxi gorabehera, ordu eta erdiko iraupena izango du.