ELKARRIZKETA

«Bitxiekin islatu nahi dudana bizitza da»

Aitor Arroyo Askarai 2025eko urriaren 18a

Idoia Tolosa bitxigilea. A.A.A.

Aro studio bitxigintza proiektua aurkeztu du Idoia Tolosak. Argizariarekin egiten du lehen pausoa eta forma organikoak ditu bereizgarri.

Zilarra langai, eta ideiak zein sentimenduak abiapuntu. Duela zenbait aste eman du argitara Aro studio proiektua Idoia Tolosa (Tolosa, 1996) bitxigileak. Eskulanak erakarrita, metalari forma ematetik harago bizipenak eta garaiak lotzeko piezak egitea du helburu. Bitxigintza ez du ogibide, besteak beste, sorkuntzak librea izaten eta prozesuarekin disfrutatzen jarraitu nahi duelako. Etxean egiten du lan, eta tresnak erakustearekin batera azaldu ditu proiektuaren abiapuntua eta nondik norakoak.

Noiz sortu zen ideia?

Aspalditik nuen ideia zerbait sortzeko, baina ez nuen zehazten zer. Argi nuen zerbait eskuz landu nahi nuela. Arlo digitalean egiten dut lan, eta hortik ateratzeko zerbait nahi nuen.

Diseinu ikasketak egin dituzu?

Komunikazioa ikasi nuen eta, ondoren, marketina. Diseinua, berriz, nire kabuz ikasi dut; eta prozesua asko disfrutatu nuen, nire kabuz egin nuelako. Bada, hau ere modu berean ikasi dut. Interneten informazioa bilatzen eta bideo batzuk ikusita hasi nintzen.

Hortaz, autodidakta izan zara.

Hori da, nire kabuz ikasi dut ia dena.

Nola erabaki zenuen martxan jartzea?

Lanean hasi nintzenetik arlo digitalean aritu naiz. Baina betidanik gustatu zaizkit eskulanak, marraztea, margotzea… Eta zerbait ezberdina nahi nuen; orain arte egin gabeko zerbait. Era berean, niretzat balioa ere izan behar zuen.

«Sentitzen dudan horretatik tiraka sortzen hastea zen kontua»

Sentitzen dudan horretatik tiraka sortzen hastea zen kontua. Abiapuntua ere sentimendu bat izan zen, besteak beste. Amonarena zen bitxiren bat jaso nuen, eta oso berezia izan zen; jada ez dagoelako. Askotan eraman nau pentsatzera amonak zer bizi izan zuen eraztun horrekin: nork oparitu zion, non egon zen, zer egin zuen hura jantzita zuela… Halako lekuko mutu moduko bat da.

Eta horrek bultzatu zintuen hastera?

Badu tristura puntu bat, berandu delako jada; ezin dudalako berarekin hitz egin. Baina horrek piztu zidan zerbait zentzu edo asmo batekin sortzeko gogoa. Hau da, sortzea zerbait, zeina jendeak kontzienteki jantziko edo oparituko duen. Hortik dator «istorioak bizitzeko bitxiak» esaldia.

Dena lotzen duen hari moduko bat sortuko banu bezala da. Hau da, norbaitek oparitzen badit eraztun hori intentzio horrekin, janzten dudanean gogoan izango dut eta abar. Hori ideia izaten hasi zen, eta proiektu izan arte mamitzen aritu naiz, bada… Ia bi urtez. Duela hilabete eman dut argitara, baina askoz lehenagotik dator lanketa.

Ez da, beraz, zilarrari forma emate hutsa.

Hori da. Zilarra ere ez da ausazko materiala: denboran zehar irauten duen gai bat da. Beraz, zuk norbaiti oparitu nahi badiozu, badakizu bizitza guztian iraungo diola. Ideia da norbaitek hauetako pieza bat nahi badu, horretaz ere jabetzea. Ez da edozein unetan erosten duzun pitxi horietako bat. Gainera, pieza bakarrak dira: erabat pertsonalizatuak eta bakarrak dira.

Nondik dator Aro izena?

Atzean dagoen ideiagatik da. Eraztunez ari naiz, baina lepokoak ere izan daitezke… Herentzian jasotzen ditugun bitxiek bizi izan duten denbora edo aro hori ez da ixten eta bukatzen. Aldi berri bat hasten da, baina lotuta dago aurrekoarekin; dena dagoelako lotuta, edo hori da ideia behintzat.

Harreman edo lotura moduko hori egotea aroen artean; eta ederrena litzateke belaunaldi artean elkarbanatzera iristea. Finean, hori da kontzeptua: denbora edo aro berriak sortzea, aurrekoekin lotura galdu gabe.

Nola sortzen dituzu piezak?

Argizari berezi bat erosten dut, eta beroa ematen duten tresna batzuen bidez urtu eta nahi dudan forma ematen diot. Kono moduko batean taila zehazten dut, eta tamaina lortutakoan forma ematen hasten naiz.

Orain arte prozesua hutsetik abiatu dut beti, hau da, zuzenean piezan hasten naiz lanean. Argizarizko pieza bukatzen dudanean, Gernikako urtzaile bati bidaltzen diot, zeinak mikrofusio teknikarekin zilarrezko bitxia egiten duen. Nahiago nuen Tolosan izatea, baina ez dut topatu horrela lan egiten duen tailerrik.

Bada, bidalitako piezarekin moldea egiten du, metala urtu eta argizariaren formarekin egiten du zilarrezko pieza. Bueltan bidaltzen dizkit, eta nik azken ukituak ematen dizkiot; askotan markak geratzen baitira. Azken ukituak izaten dira leuntzea, limatzea eta distira ateratzea. Etorkizunera begira urtzearen pausoa ere neronek egin nahiko nuke; baina momentuz ez da posible, ezin baitut soplete bat piztu etxean [barrez].

Zenbat denbora behar duzu bat egiteko?

Aldakorra da. Momentuz sortaka egiten dut lan, eta urtzailearen arabera ere aldatzen da. Hark astebete edo zertxobait gehiago behar du pieza egiteko; betiere, aparte izaten duen lan kargaren arabera. Normalean ez dut aurreratzen data zehatzik. Hiruzpalau aste izaten dira, gutxi gorabehera.

«Nire lan egiteko moduagatik ezinezkoa da bi pieza erabat berdinak izatea»

Enkarguz egiten duzu lan, ezta?

Bai, eta pieza erabat bakarrak dira. Nire lan egiteko moduagatik ezinezkoa da bi pieza erabat berdinak izatea. Eta ez dut nahi ere, hori ez baita kontzeptua. Bi eraztun berdin eskatzen badizkidate, antzekoak izango dira agian, baina erabat berdinak ez.

Beraz, eskaria egiten didate eta irizpideen arabera forma batera edo bestera jotzen dut. Baina beti dira bakarrak.

Artisautza aldarrikatzen duzu.

Uste dut galtzen ari den zerbait dela. Niri betidanik gustatu zait eskuekin lan egitea, edozein zela ere egitekoa: marraztea, formak sortzea… Betidanik eman didate atentzioa eskuz eta modu artisauan egiten diren lanek. Oinetakoak eskuz egiten dituena, adibidez. Iruditzen zait sekulakoa balioa dutela lanbide horiek; eta aitortu behar zaiela.

«Betidanik eman didate atentzioa eskuz eta modu artisauan egiten diren lanek»

Ez da berariaz bilatu dudan zerbait, baina behin hasi naizenean ikusi dut prozesua mantsoa dela, oso kontzientea; eta ahalik eta gertukoena izaten saiatzen naiz. Badakit, era berean, gaur egun horrela lan eginda sortzen diren produktuak ez daudela denentzat eskura. Baina bezeroa kontziente izatea nahi dut horrelako pieza bat erosteak atzean dakarren lan eta prozesu guztiaz.

Piezak bezeroarekin elkarlanean sortzen dituzu?

Hori da, gutxi gorabehera. Bezeroak opari bat nahi badu, zehaztasun edo ezaugarri batzuk eskatzen dizkiot eta gero bien artean zehazten dugu nolakoa izan daitekeen. Horregatik diot elkarrekin sortzearena: bezeroak du abiapuntua, eta nik eskaintzen dudanarekin bion artean ikus dezakegu pieza nolakoa izan daitekeen.

Ohiko formetatik ihes egiteko intentzioa suma daiteke.

Ideia hori nuen hasietatik: forma oso organikoak izatea. Bitxiekin islatu nahi dudana bizitza da. Uste dut forma organiko horien atzean badagoela inperfekzio puntu bat, zeina oso gustuko dudan; eta ikasteko prozesu horren parte ere ulertzen dut. Dena dela, forma organiko horiek propio sortutakoak dira.

«Forma organiko horiek propio sortutakoak dira»

Intuizioz sortzen duzu ala badago helburu bat?

Sortu ahala joaten naiz egiten eta neurtzen ea forma ondo egokitzen den. Jantzi egiten dut, eskuan zer sentiarazten duen jakiteko... Momentuz horrela egin dut lan: sortu ahala definitzen dut pieza. Ogibidetik kanpoko zerbait denez, prozesuarekin gozatzea ere bilatzen dut. Helburua ez da hainbeste produktibitatea edo zehaztasun handiz lan egitea.

Momentuz zein erantzun jaso duzu?

Harritu egin nau, ezagutzen ez dudan jendea hasi zaidalako galderak egiten. Oraindik ez da asko zabaldu eta dagoeneko interesa erakutsi du jendeak; gutxi batzuk. Gainerakoan, ingurukoek sekulako harrera egin diote [barrez]. Kontentu nago, eta aurrera begira ikusiko dugu.

Eta aurrera begira, ba al duzu aurreikuspenik?

Uf, galdera zaila da hori [barrez]. Gauza asko gertatu behar dira etorkizunean ogibide bihurtzeko. Momentuz ez dut horretarako asmorik ere. Prozesuarekin gozatzeko zerbait izatea nahi dut. Sorkuntzarekin lotutako zerbait egiten hasi nahi nuen, eta sorkuntza horrek librea izaten jarraitzea nahi dut. Beste uneren batean sorkuntza izan da nire ogibidea eta, agian, ez duzu hainbeste gozatzen. Ez dut sentitu nahi sortu egin behar dudala «iritsi» egin behar dudalako. Lan bat da, baina helburua ez da ogibide bihurtzea, inondik inora. Disfrutatzeko zerbait izatea da asmoa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!