Tolosako Herri Krosak baditu irabazleak

Ataria 2025eko urriaren 12a

Bost kilometroko proban Aritz Garin eta Paula del Pozo izan dira azkarrenak, eta hamar kilometroko proban, berriz, Joseba Olaetxea eta Nagore Azkue. Helduen krosaren ostean, txikien txanda izan da.

Goizean, Tolosako Herri Krosa izan da jokoan, Ttonttor San Esteban Auzokide Kultur Elkarteak antolatuta. Hogeita hamazazpigarren edizioa izan da aurtengoa eta berrikuntza ugari izan ditu. Horietako bat izan da korrikalariek aurten bi proba izan dituztela aukeran: 10 kilometrokoa eta 5 kilometrokoa. Bost kilometroko probako irabazleak Aritz Garin billabonatarra eta Paula Del Pozo alegiarra izan dira.

Aspaldian ez du lasterketarik egin Garinek, baina bost kilometrokoa egitera animatu da gaurkoan. Gorputzak uste baino hobeto erantzun diola adierazi du: «Hasieratik erritmo bizia jarri dut, eta nirekin batera pare bat korrikalari joan dira. Bentaundira iritsi garenean, hirugarren kilometroan, erritmoa aldatu dut, metro batzuk atera dizkiet eta amaiera arte horri eusten ahalegindu naiz».

Herri krosetan aditua da Del Pozo, baina uste baino gogorragoa iruditu zaio gaurko proba: «Luzea egin zait eta gorputzak ez dit nahi bezala erantzun, baina lehenengo karrera izateko gustura aritu naiz. Badakit non nagoen eta nora joan naideten, eta beraz, lan egitea besterik ez zait geratzen».

Hamar kilometroko proban, berriz, Joseba Olaetxea eta Nagore Azkue tolosarrak izan dira garaile. Aurreko urtean parte hartu ez bazuen ere, bigarren txapela du Olaetxeak: «Sari handiena berriro ateratzea da, poliki edo azkar joanda ere, dortsala jartzea beti seinale ona da». Gustura aritu da aurtengoan eta horretarako gakoa lehen kilometroan dagoela uste du tolosarrak: «Jendea oso azkar irten da eta nik buru pixka batekin hastea erabaki dut. Frenoa jarrita atera naiz, distantzia utzita, eta zazpigarren kilometroan taldetik alde egin dut».

Olaetxearen antzera hasi da Azkue ere. «Nahiko lasai eta inteligente saiatu naiz hasten. Egia esan nahiko kontziente nintzen gaur bero puntu bat egingo zuela eta ez zela freskotasunik egongo, eta horregatik hasi naiz lasai. Gustura joan naiz eta pixkanaka erritmoa azkartu dut. Nik uste alde horretatik ondo joan zaidala ez ditudalako indar guztiak lehenengo bueltan gastatu eta bigarren bueltarako oraindik indar batzuk banituen».

Beste berrikuntzetako bat izan da erbiak atera direla.

Helduen krosa amaitzean, txikien txanda izan da: X. Txiki Krosa. Proba honetan, berriz, bi maila izan dira: 9 urtera artekoek 500 metro egin dituzte, eta 9-14 urte bitartekoek 1.250 metro. Txikiek, ordea, ez dute sailkapenik izan. Emaitza guztiak Kronoak.com webgunean daude ikusgai.

Argazkiak: Imanol Garcia Landa.

SAILKAPENAK

5 KILOMETROKO PROBA

GIZONEZKOAK

  • Aritz Garin, 00:15:40
  • Oier Etxeberria, 00:15:57
  • Elur Urkola, 00:15:59

EMAKUMEZKOAK

  • Paula Del Pozo, 00:17:33
  • Izaro Perurena, 00:18:35
  • Naiara Domeño, 00:19:14

10 KILOMETROKO PROBA

GIZONEZKOAK

  • Joseba Olaetxea, 00:31:53
  • Aitor Regillaga, 00:32:18
  • Asier Mujika, 00:32:25

EMAKUMEZKOAK

  • Nagore Azkue, 00:38:30
  • Maier Eceiza, 00:41:03
  • Amaia Insausti, 00:42:08

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!