Hamar urte, hamaika jaki

Josu Artutxa Dorronsoro 2025eko urriaren 11

Zutani elkarteak antolatuta, hamargarrenez egin dute PintxoTour kulturarteko azoka solidarioa. Hamaika herrialdetako zaporeak dastatzeko aukera izan dute herritarrek.

Eguerdian egin dute Zutani elkarteak antolatzen duen PintxoTour kulturarteko azoka solidarioaren hamargarren edizioa Tolosako Alondegi plazan. Hamaika herrialdek postu bana jarri dute euren jaki tradizionalen pintxoak saltzeko. Jatorri atzerritarreko Tolosako biztanleen herrialdeetako gastronomiez gozatzeko aukera izan da.

Gaur bertan prestatu dituzte jakiak familiek, ondoren pintxo modura saltzeko. Euskal Herrikoez gain, postu bana izan dute Brasil, Venezuela, Kolonbia, Honduras, Maroko, Ekuatore Ginea, Nigeria, Peru, El Salvador eta Mexiko herrialdeetakoek. Gainera, herritarrek eskura izan dituzte pintxoen osagaiak zein errezetak.

Dirua, 150 haurri elikagaiak erosteko

Parte hartzaile guztiak Zutani elkartearen inguruan daude, beraien egoera dela eta, elikagaien beharra dutelako. Elkartearen erronka da Tolosako hainbat familia eta pertsonak pairatzen duten pobrezia eta bazterkeria egoerari aurre egitea. Gaur egun 220 familia artatzen dituzte, 550 pertsona guztira; eta adin txikikoak dira horietako 150. 

Laguntza hori emateko bidean, informazioa ez ezik, «gizarteratze prozesuan» ere babesa ematen du Zutanik. Elikagai Bankutik lortutako elikagaien banaketaz gain, bestelako egitasmoak ere antolatzen dituzte, besteak beste, harrera-, formazio- eta sentsibilizazio-jarduerak. Gaurko ekintzan lortutako dirua elkarteak artatzen dituen 150 haurrei elikagai osasuntsuak erosteko erabiliko dute. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!