Galtzaundi Tolosaldeko Euskaltzaleen Elkarteak Sormenetik saioaren urteko bigarren hitzordua egin du eguerdian Zerkausi azpian, TAK arraun klubak ontziratzeko duen gunean. Iñigo Asensio Naiz Irratiko Bigarren Kafea saioko zuzendari eta gidari tolosarra eta Manu Etxezortu Euskadi Irratiko Faktoria saioko gidari ohia eta Kultur Leihoa saioko gaur egungo gidari andoaindarra izan dira gonbidatuak, eta irrati esatariak direnez, uhinen bidez komunikatzeko moduaren inguruan hitz egin dute. Edurne Ayuso kazetari itsasondoarrak dinamizatu du saioa.
Irratiaren beste aldea izenburua jarri zioten saioari, eta euskal irratigintza eta irrati entretenimendua izan dituzte hizpide protagonistek. Besteak beste, irrati bisualaz hitz egin dute. Ayusok aipatu die gaur egun askotan ikusten dela irrati estudioetan gertatzen dena, irudi bidez grabatzen direlako saioak. Etxezortuk «hitzaren indarra» aldarrikatu du. «Irratiak zerbait badauka hitza da. Testigantzak indartsuak direnean ez da irudirik behar. Hitza nahikoa da, eta irudia lagungarria edo osagarria izan daiteke».
Asensiok, Bigarren Kafea saioa ekarri du mahai gainera. Tolosako Alde Zaharrean grabatzen dute. «Kaleko irrati estudioak ikusi daitezke munduko hiri askotan», esan du. «Pandemia garaian hasi ginen, eta esatari bakoitza bere etxetik aritzen zen. Aurrerakoiak izan ginen irratia eta irudia uztartzen, eta gerora, gehiagok jo dute irrati bisualera». Halaber, aitortu du bere buruari askotan egin izan diola honako galdera: «Ze puntutaraino traizionatu nahi dugu irratia?».
Entzuleekin harremana
Gaia aldatuta, Ayusok entzulearen inguruan galdegin die esatariei: «Aldatu al da?». Etxezortuk nabarmendu du «beti» egon dela harremana esatariaren eta entzulearen artean. «Lehen parte hartze handia izaten zen. Goizeko albistegian lanean aritu nintzenean, gogoan dut elurteetan dei ugari jasotzen genituela. Feedback-a etengabea da oraindik; ekarpen handiak egiten ditu entzuleak, eta esperientzia pertsonalak ere kontatzen ditu». Andoaindarrak gaineratu du azken urteotan WhatsApp aplikazioaren bidez jasotzen dituztela entzuleen galdera eta iritziak.
Etxezortuk esandakoaren harira, Asensiok aipatu du gaur egun ahotsa «zerbait galdu» dela. Bigarren Kafea saioan ez dute telefonoa zabaltzen. «Aldatzen ari den fenomenoa da. Telefonoz hitz egiteak zure ahotsa irratian entzutea esan nahi du, eta horrek intimitatearekin lotura du orain. Askorentzat konplexua da, lotsagatik».
Gaiari lotuta, Etxezortuk entzuleekin izandako zenbait solasaldi kontatu ditu. Esan du maiz geratu izan dutela kalean. «Zer konpainia ona egiten didazun, zein ondo informatzen gaituzuen, eta sekulako saioa egiten duzue» mezuak esan izan dizkiotela adierazi du andoaindarrak. «Hori bezalako saririk ez dago». Nabarmendu du familiatik nahiko gertu dagoen komunikabidea dela irratia.
Kulturari lekua
Kulturari leku handiagoa egiteko «beharra» ere aldarrikatu du Etxezortuk, bere lankide batek egindako galderari erantzunda. Asensiok esan du «saiakera handia» egiten dutela horretarako. Era berean, gizarteak beste errealitate bat erakusten duela adierazi du, eta horretarako bi adibide eman ditu: «Donostiako Zinemaldian aretoak beteta egon ziren, eta sarrerak, saltzen jarri eta berehala agortu ziren. Orain, hiriburuko areto batera jaialdian eman zuten japoniar jatorrizko film bat ikustera joaten bazara, agian, bakarrik egongo zara, edo gehienez bizpahiru ikusle gehiago egongo dira. Berdin gertatzen da Jazzaldiarekin. Uztailean, Donostian jende asko elkartzen da, baina urtean zehar, astero, Altxerri tabernak antolatzen ditu jazz kontzertuak, eta nekez egoten dira hamar lagun bertan», azaldu du esatari tolosarrak.