Euskal Herriko Mugimendu Feministak deituta, egunotan elkarretaratzeak egiten ari dira Euskal Herriko zenbait herri eta auzotan. Gaur, eguerdian, Tolosako Plaza Zaharrean egin dute mobilizazioa, Tolosako Asanblada Feministak antolatuta, eta herritar ugari bildu da bertan.
Feministok Palestinarekin. Israelgo estatu genozida suntsitu zioen pankarta erakutsi dute, eta sirena hotsarekin tartekatuta, ozen adierazi dituzte Palestinaren aldeko aldarri eta oihuak, eta babesa eta elkartasuna adierazi diete «Palestinako emakume eta gorputz disidente orori eta, oro har, palestinar herriari». Asanbladako kideek salatu dute azken urte eta hilabeteetan «Israelgo estatuaren oldarraldia areagotu» egin dela Palestinako lurretan. «Ez dago genozidioa ez den beste hitzik gertatzen ari dena azaltzeko».
Azaldu dute emakume palestinarrek «mezu argi bat» helarazi zietela duela aste batzuk, argitaratutako agiri baten bitartez: «Emakume palestinarrak pairatzen ari diren genozidioa salatzeko, Palestinaren aldeko mobilizazio feministak antolatzeko, erakunde eta gobernuei presio egiteko Israeli armarik bidali ez diezaioten eta Israelen aldeko eta okupazioaren erregimena betikotzen duten enpresa eta erakunde guztiei boikota egiteko». Asanbladako kideen hitzetan «ez da kontu berria». «Emakumeon gorputza lehen lurralde okupatua izaten da gerra egoeretan. Eta, oraingoan ere, hala izaten ari da. Lazgarria da emakume palestinarrak jasaten ari diren bortizkeria eta indarkeria».
Palestinan eraildako haurrak ere gogoan izan dituzte; haiek irudikatzen zituzten zenbait panpina jarri dituzte lurrean. «Gutxienez 20.000 haur erail dituzte azken hilabeteetan, eta Israelek gosetea ere arma gisa darabil, palestinar herriaren aurka», esan dute.
Palestina pairatzen ari den genozidioa «kolonialismoaren erakusgarri» dela nabarmendu dute, eta soilik horrek azaldu dezakeela Mendebaldeko herrialdeek Israel babesteko duten interesa. Horri lotuta, zenbait adibide eman dituzte: armak bidaltzea, entrenamendu militarrak egitea, segurtasun-sistemak eta mugen kontrola areagotzeko proiektuak finantzatzea, Nazio Batuen Erakundeko bozketetan babesa ematea edo nazioarteko kirol probetan Israeli lekua ematea. «Eta, nola ez, feminismoa eta LGTBI+ komunitatearen eskubideak erabili, Israelen aldeko gezurrak zabaltzeko».
Amaitzeko, egoerarekiko «posizio argia» erakusteko garrantzia ere azpimarratu dute. «Dugun erantzukizuna onartu behar dugu, baita Israelen konplizeak salatu ere. Ez diezagutela sinetsarazi ez dugula zereginik». Halaber, Euskal Herriko enpresa eta erakundeei eskatu diete Israelekin dituzten harremanak «orain» apurtzeko. «Ez dugu mendebalde globalaren eta haren agintarien neurrira proposaturiko bakerik nahi. Genozidioarekin amaitzea eta Palestina askatzea ekarriko luketen neurriak exijitzen ditugu».