Aniztasunaren V. Gala egingo dute Topic museoan

Ataria 2025eko urriaren 10a

Aniztasun galaren aurreko edizio bateko irudia.

Urriaren 18an izango da, Antxon Elosegi antzokian, 19:00etan. Tolosako txotxongiloen etxean ez ezik, Irungo Oiasso museoan eta Hernaniko Txillida Lekun ere ekitaldi bana antolatu dute.

Bosgarrenez, Aniztasunaren Gala antolatu dute Gipuzkoako hiru museok, Foru Aldundiaren babesarekin. Musika, dantza eta antzerkia uztartzen dituen ekitaldia da, festa girokoa, eta aniztasunetik sormenari lekua egitea du helburu. Urriaren 18an, Topic museoko Antxon Elosegui antzokian egingo dute gala, 19:00etan. Bezperan, urriaren 17an, Irungo Oiasso museoan izango da, ordu berean; hirugarren saioa Hernaniko Txillida Lekun izango da, urriaren 19an, 12:00etan.

Iñaki Salvador da galaren musika zuzendaria, eta harekin batera, Jakes Txapartegik, Simon Ezkiagak, Esther Barandiaranek, Magicising Teatro konpainiak eta Uikan Dantza Taldeak parte hartuko dute hiru ekitaldietan. Tolosako saioan, Herrikide Antzerki Konpainiak ere parte hartuko du, eta Txillida Lekukoan, Verdini Dantza Taldea izango da gonbidatu berezia. Ezezagunok taldea ere gonbidatuko dute; Irungo eta Hernaniko saioetan parte hartuko du.

Emma Larretak gidatuko ditu hiru saioak, eta publikoak artisten sormen-gaitasuna ezagutuko du. Halaber, parte hartzeko aukera ere izango dute ekitaldietara joaten direnek. Ekitaldi bakoitzeko sarrerak 5 euro balio du; dagoeneko txartelak salgai daude hiru museoetan. Informazio gehiago nahi duenak Topic.eus webgunea begiratu dezake.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!