Tolosako Udalak martxoan abiatu zuen AuzoEkin, auzo guztien garapen integral eta orekatua sustatzeko helburua duen proiektua. Herria zortzi eremutan banatu zuten, eta aurten, horietako hiru ari dira parte hartzen: landa-eremuetako auzoak, San Esteban auzoa eta Izaskun-Iparragirre-Bidebieta eremua. Udalak esan du esperientzia pilotu bat izaten ari dela.
Martxotik hona iraun du lehen faseak. Eremu bakoitzean diagnostiko integral bana egin dute, auzoaren errealitate eta bilakaera soziodemografikoa kontuan hartuta, eta horretarako, auzotarrek parte hartu dute. Besteak beste, auzoaren beharrak aztertu dituzte, zenbait ikuspegitatik, hala nola, espazio publikoa, ingurumena, historia eta kultura, ekipamendu eta zerbitzuak, mugikortasuna eta ekonomia.
Diagnostikoa egiteko, auzotarrekin inkestak, eztabaida sakonak, eztabaida taldeak eta saio irekiak egin ditu udalak. «Auzotar guztien parte hartzea eskertu nahi dugu, haiei esker, informazio interesgarri eta baliagarria jaso baitugu», esan du udalak.
Eremu bakoitzeko azterketa amaituta, datorren astean ekingo diote bigarren faseari. Horren berri emateko, eremu horietako bizilagun, elkarte eta langile guztiei bideratutako saio irekiak egingo dituzte. Bidebieta-Iparragirre-Izaskun eremuko saioa urriaren 13an (astelehena) izango da, 18:00etan, Inmakulada ikastetxean. Landa-eremuetako auzoen saioa biharamunean izango da, urriaren 14an (asteartea). Udaletxeko pleno aretoan egingo dute, 18:00etan hasita. Azkenik, San Esteban auzoko saioa urriaren 15ean (asteazkena) egingo dute, 18:00etan, auzo elkartean.
Lau urteko begirada
Saio horietan, dagokion auzoaren erradiografia bat aurkeztuko du udalak, diagnostikoaren ondorioetan oinarrituta. Datozen hilabeteetarako aurreikusitako asmoak ere azalduko ditu udalak. Behin aurkezpenak eginda, diagnostikoen ondorioak gainerako herritarrekin elkarbanatuko dituzte, Erabaki.tolosa.eus plataformaren bidez.
Lau urteko begirada izango duen estrategia bana landuko dute eremu bakoitzean. Denbora-tarte horretan garatu beharreko ildo nagusiak, helburuak eta ekintzak jasotzea da helburua. Diagnostikoan jasotako beharrak, erronkak eta aukerak kontuan hartuta egingo dute dokumentu estrategikoa, eta deliberazio-saioak eta parte hartze aktiboko dinamikak uztartuko dituzte, lehentasunak ezartzeko.
Bigarren faseak lau mugarri izango ditu. Hasteko, aurrez aipatutako aurkezpen saio irekiak egingo dituzte, eta, horrekin batera, ekarpenak jasotzeko epea zabalduko du udalak. Ondoren, proposamen guztiei galbahea pasatuko diete, eta aukeratutakoak sailkatuko dituzte. Hirugarren mugarriak, leheneste ariketa bat egingo dute, eta ahalik eta kontsentsurik zabalena bilatuko dute. Azkenik, lehenetsitako proposamenen azterketa teknikoa egin ondoren, azken aukeraketa egingo dute laugarren eta azken saio irekian. Hiru eremuetan egingo dute lanketa hori guztia.
Eremu bakoitzak 60.000 euro
Andu Martinez de Rituerto alkateak esan du orain arteko prozesua «sakona bezain interesgarria» izan dela. «Teknikoki eta politikoki ezagutzen ez genituen gauzak jaso ditugu, eta aurrera begira jarduteko erabat baliagarria izango da», azaldu du. Gainera, orain abiatuko duten fasean parte hartzera gonbidatu ditu herritarrak: «Prozesu irekia da. Parte hartze handia izan nahi dugu, adin-tarte, genero, pentsaera eta jatorriari dagokionez».
Alkateak aurreratu duenez, aurreko urteetako parte hartze dinamikekin alderatuta, aldaketa esanguratsu bat izango da orain. Eremu bakoitzak 60.000 euroko laguntza jasoko du, eta udalak zuzen-zuzenean txertatuko ditu auzotarrek erabaki edo lehenetsitako lanak datorren urteko udal aurrekontuan. Hori dela eta, Martinez de Rituertok balioa eman dio udalak auzoekin hartutako konpromisoari: «Auzotarrek erabakimen handiagoa izango dute. Era berean, gainerako proposamenak eta baliabide gehiago eskatzen dituztenak, beste bide batzuetatik bideratzeko erabiliko ditugu, hala nola, mantenu planetik edo inbertsioen ataletik», azaldu du.
2026an eremu gehiago
Hiru eremuren parte hartzearekin abiatu da aurten AuzoEkin. Bada, datorren urtean, eremu gehiagotara zabalduko du egitasmoa udalak, eta aurten parte hartu duten hiru eremuetako prozesu berdina jarraituko dute haietan. Lehenik, diagnostiko integrala egingo dute, eta ondoren, lau urterako dokumentu estrategikoak landuko dituzte. Gero, eremu berrietako auzotarrak udal aurrekontuaren haien zatia zein proiektura bideratu erabakitzen hasiko dira. Dinamika berdina mantenduko da aurrerantzean, eremu guztietan egitasmoa landu arte.