Usabal kiroldegiko eta Euskal Herria plazako hoteleko taberna-kafetegiak eskualdatzea onartu du udalbatzak

Ataria 2025eko urriaren 9a

Euskal Herria plazako Bide Bide hoteleko taberna-kafetegiko irudia. Iturria: Tolosako Udala.

Udal langileen 2024ko ordainsariak % 0,5 igotzea eta herriko 13 eraikinetan egiten ari diren eraikuntzak eta obrak interes bereziko edo udal-onurakoak izendatzea ere onartu dute iraileko osoko bilkuran.

Zaska Taberna SL merkataritza-sozietateak ustiatuko du Usabal kiroldegiko taberna-kafetegia. Gaur egun, Geroegitekoborda SL enpresak ustiatzen du, eta Tolosako udalbatzak, iraileko osoko bilkuran, eskualdatzeko baimena ematea onartu du, aho batez. Baldintzapeko kontratua izango da. Izan ere, eguneratuta izan beharko ditu zerga-betebehar guztiak, Gizarte Segurantzarekikoak eta taberna-kafetegia gaitu eta ustiatzeko kontratuaren ondoriozko guztiak. Baldintza guztiak bete ondoren, eta aldeko txostena egin ondoren, kontratu berria formalizatuko da. Era berean, baldintza gisa ezarri da lagapen-hartzailea lagatzailearen eskubide eta betebehar guztietan subrogatzea, bereziki egun atxikitako giza baliabideen subrogazioari dagokionez.

Bestetik, Bidebide Tolosa, SL enpresaren eskaera baimendu du udalbatzak, Euskal Herria plazako hoteleko eta jatetxe-kafetegiko zerbitzuak ustiatzeko eta obrak egiteko emakida kontratuan jatetxe-kafetegiari dagokion lotea Ikili Donostia, SL merkataritza-sozietateari uzteko. Enpresa lagatzaileak jatetxe-kafetegiari dagokion loterako dituen eskubide eta betebehar guztietan subrogatuko du lagapen-hartzailea, bereziki, gaur egun jatetxe-kafetegi loteari atxikitako giza baliabideen subrogazioari dagokionez.

Udal langileen ordainsariak

Udal langileen 2024ko ordainsarien bigarren igoera ere onartu dute, aho batez. % 0,5eko igoera aplikatuko dute, 2024ko urtarrilaren 1etik atzeraeraginezko ondorioekin. Aurrez % 2 igo zen, ekainaren 26ko 04/2024 Errege Lege Dekretuan hitzartutakoari jarraituta. Bigarren igoera, KPI-aren 2024ko bilakaera kontuan hartuta aplikatu dute.

Hobariak interes bereziko eraikuntza lanetan

Halaber, udalbatzak aho batez onartu du herriko 13 eraikinetan egiten ari diren eraikuntzak eta obrak interes bereziko edo udal-onurakoak izendatzea, «Ordenantza Fiskalean tipifikatutako balizko kasuetako batean daudelako». Hori dela eta, Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergaren gaineko % 95eko hobaria aitortu diete. Hamaika kasuetan, Alde Zaharra, Euskal Herria Plaza eta Santa Klarako eremuaren barruan egindako zaharberritzeko obrak izan dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!