Elkarrizketa

«Gure hitzek leku bat merezi dute munduan»

Josu Artutxa Dorronsoro 2025eko urriaren 10a

Ahmed Haddad Sol taldeko gitarra-jotzailea. J.A.D.

Sol musika taldeak kontzertua egingo du, gaur, Leidor aretoan, 20:00etan hasita. Taldeko kideak Gazan jaio, hazi eta bizi izan ziren, eta herri palestinarraren itxaropenaren eta sormenaren sinbolo dira. Ahmed Haddad Sol taldeko gitarra-jotzailea da.

Azken unean, hitzordurako lekua aldatu du Ahmed Haddad Sol musika talde palestinarreko kideak. Barkamena eskatu du, baina ez zuen horretarako beharrik, asilo eskaerarekin bueltaka dabiltza eta. «Uste dut borroka laster amaituko dela», esan du, esperantzarako irri ñimiño bat egin duen bitartean. Euskal Herrian dago taldea, eta gaur kontzertua dute Tolosan. «Amesten genuena aurkitu dugu, babesa eta elkartasuna ematen digun leku bat», aitortu du.

Zer da Sol taldea?

Haurtzaroko lagun talde bat da, auzo berean hazi ginen zenbait haur palestinarrek sortua. Noizbait eszenatoki eta jaialdi handietan aritzea amesten genuen, eta azkenean lortu dugu. Hala ere, oraindik hazten ari gara.

2012an sortu zenuten taldea, Gazako Zerrendan. Zer helbururekin sortu zenuten?

Gaztetan, musika maite genuen, baina Gazan ez genuen ez kontserbatoriotik, ezta musika eskolarik ere. Musika dendarik ere ez zegoen, eta Egiptotik ekarri behar izan genituen instrumentuak. Oinarrizko ikasketak amaitutakoan hasi ginen musikarako grina sentitzen. Hasieran, jolasean aritzen ginen, trebatzen; ingurukoek zerbait ona egiten ari ginela esaten ziguten.

Genozidioaren eta Gazako gerraren ondoren, umeentzako ekintzak egiten genituen, bonbardaketetan eta gerretan sentitzen zuten presioaren zati bat kendu nahian. Haurrei lagunduz eta gure ingurukoen bizipenak musikaren bitartez islatuz, gizartean eragiten ari garela ikusi dugu.

Zer esan nahi du Sol hitzak?

Taldea sortu genuenean, ume sentitzen ginen; ez genuen filosofiarik izena aukeratzeko. Ezerezetik abiatu ginen, hutsetik. Ez zegoen musika egiteko aukerarik. Denborarekin, gazte palestinarrentzat eredu garela jakin dugu. Sol hitzak arabieraz «zure grina jarraitzea, alde guztietara joaten saiatzea eta ametsak betetzea» esan nahi du. Indartsua bazara, jarraitu zure pasioari eta ametsari, nahiz eta asko borrokatu behar izan, edo horrelako zerbait. Izen laburra da, baina esanahi handia du.

Nolako bilakaera izan du taldeak sortu zenetik?

Autodidaktak gara; inork ez zigun musika irakatsi. Ez ginen eskolara edo unibertsitatera joan. Bakoitzak bere instrumentua ekarri zuen, eta YouTuben bideoak ikusiz eta liburuak irakurriz ikasi genuen. Gazatik irten eta musikari eta talde berriak ezagutzen hasi ginenean, mundu berri batekin egin genuen topo.

Zenbat denbora daramazue Gazatik kanpo?

Zazpi urte igaro dira. Duela 20 urtetik, Gazako Zerrenda kartzela handi bat da. Begiak ireki genituenean, ez genuen argindarrik, ezta urik ere; han ez zegoen bizitzeko gutxieneko erraztasunik. Beraz, txikitatik, Gazatik irten eta mundua deskubritzea izan da gure helburua.

Gaur egun, baduzue harremanik edo komunikaziorik Gazarekin?

Bai, gure familia osoa han dago; eta ez naiz ari soilik gertuko senideez. Gaza komunitate oso txikia da, eta denok ezagutzen dugu elkar. Beraz, Gazan bizi diren guztiak gure familiakoak dira.

Israelek eta Hamasek bake akordioaren lehen fasea sinatu berri dute. Zer iritzi duzue horren inguruan?

Jada ez zaigu axola ez politikaririk, ez haien hitzik, ez erakunderik, ez mundu horretako ezer. Bi urte igaro dira eta inork ez du sarraskia gelditu. Musikariak garenez, gurekin eraman dezakegun gauza bakarra gure musika da. Gure musikarekin erresistentzia egiten dakigu, eta hori da egiten duguna.

Genozidioa 2023ko urriaren 7an hasi zela diote askok, baina Nakba 1948an hasi zen. Zergatik ez da horri buruz hitz egiten?

Guk horri buruz hitz egin nahi dugu, eta gure doinuen eta hitzen bitartez saiatzen gara. 70 urtetik gorako genozidioa izaten ari da. Gazan bertan lau bat gerra bizi izan dituzte honen aurretik. Genozidio eta sarraski asko gertatu dira, eta inork ez du horren berri izan. Uste dut jendea gaur egungo genozidioaren berri izaten ari delako gertatu dela hori. Garai hartan ez ziren irudiak erakusten.

Zer da zuentzat bizitza osoan gerra bat bizitzen egon eta bat-batean horrelako aukera bat izatea?

Nola azaldu… Eskizofrenia modukoa da. Gaixotasun bat sortzen dizu garunean, bi zatitan bananduta balego bezala. Ondo sentitzen zara salbu zaudelako. Aukera duzu bidea jarraitzeko, istorioak kontatzen jarraitzeko eta gure herriari buruzko hitzak eta musika zabaltzeko. Baina, aldi berean, edonoiz, zure familia, senide edo lagunen berri izatea espero duzu. Une honetan, elkarrizketa hau egiten ari garen bitartean, gosez hiltzen ari dira, bonba artean.

Maiatzean, 'Maite Zaitut' jaialdian jo ondoren, asilo eskaera egin zenuten. Zer erantzun izan du?

Prozesua hastapenetan dago oraindik; espero dugu lehenbailehen amaitzea. Ni, esaterako, ezin naiz Espainiako Estatutik mugitu, erresistentziaren baimena lortu arte. Kontzertu asko ditugu itxita hemendik kanpo, agian egiterik ez ditugunak.

Une honetan, Euskal Herrian zaudete.

Sol taldeko kideak Atlantikaldia jaialdian. PEIO ZAMA

Bi ekitaldi mota egiten ari gara: kontzertuak eta musika konferentziak. Konferentzietan, gure abestiak jotzeaz gain, gure historia kontatzen diegu 12 eta 14 urte arteko umeei. Bada, zenbaitetan, harritu egin gaituzte haien galderek, heldu batek egiteko modukoak diruditelako; heldu askok ez luke jakingo ere galdera horiek egiten.

Ikusi dut eskolek eta erakundeek saiakera handia egiten dutela belaunaldi berriak hezteko. Ezinbestekoa izango da datozen belaunaldietan kontzientzia areagotzea; zerbait bikaina egin dezakezue. Ni, behintzat, harro sentitzen naiz haurrekin hitz egiten dudanean.

Nolako harrera izaten ari da taldea?

Gehien estimatzen duguna bertakoen kontzientzia da; harro gaude. Historia ezagutzen dute. Harritu egin nau jende askok okupazioari buruz dena jakiteak. Zoragarria da. Halaber, bertako musikari eta artista asko ezagutu ditugu. Hilabete besterik ez daramat hemen, eta harreman handia dut haiekin. Beti daude prest laguntzeko, eta elkarlanean aritzeko. Nire bizitzako ametsa da horrelako komunitate batean egotea. 

Europan zehar bira bat egiteko asmoa zenuten, ezta?

Aukera asko ditugu, eta jende ugari ari da gurekin harremanetan jartzen. Hala ere, asilo eskaera dela eta, orain ezin gara batera eta bestera mugitu. Laster egitea espero dugu, gure musika zabaldu nahi dugulako.

Zuen errepertorioan Palestinako erresistentziari eta bizibideari buruzko abesti abertzaleak dituzue. Zer transmititu nahi duzue musikaren bidez?

Disko bat argitaratzeko asmoa dugu laster. Bertako abesti guztiak Gazako genozidioan zehar kanpalekuetan idatzi eta grabatutakoak izango dira. Borroka guztietan, hitzak eta istorioak idazten aritu izan gara. Gure abesti guztiek egia kontatzen dute, gure herriaren benetako historia.

«Gure abesti guztiek egia kontatzen dute, gure herriaren benetako historia»

Bi motatako abestiak ditugu. Batetik, gure minaz eta borrokaz hitz egiten dutenak daude. Bada kantu bat, Nire umea txori bat da zeruan izenekoa. Hilketa batean oinarritzen da. Kanpalekuetan geundela, lagun bat etorri zen, Israelek bere haurrak erail zituela esatera. Benetan hunkitu gintuen, eta beste lagun batzuek egoerari buruz idatzitako letrekin osatu genuen abestia. Imajinatzen duzu seme-alaba guztiak galtzen dituzula une batean?

Bestetik, itxaropenaren eta erresistentziaren kantuak ditugu, gertatzen ari den guztiaren aurrean, eta barruan mina dugun arren, itxaropena dugulako oraindik. Lanean jarraitzen dugu, eta existitu beharko genuke, leku guztietan egon. Artista palestinar gisa existitu nahi genuelako atera ginen Gazatik. Gure hitzek leku bat merezi dute munduan, eta pertsona orok entzun beharko lituzke herri palestinarraren istorioak eta mezuak.

Musikak aldatu dezake mundua?

Musikak bakarrik, ez. Demagun harrizko eraikin bat egin behar duzula. Harri asko jar ditzakezu elkarren ondoan, baina beranduago erori egingo lirateke. Musika eraikin horren zati handi bat izango litzateke, baina ez osoa. Ondorioz, beharrezkoa da munduko herritarren benetako ekintza, gertatzen ari denari aurre egiteko.

«Bala batek bi dolar balio du, edo, agian, bat; kafe bat hartzen duzunean, norbait hiltzen ari zara»

Genozidioa babesten duten produktu guztiak boikotatu beharko genituzke, eta kontzientzia hori zabaldu. Bala batek bi dolar balio du, edo, agian, bat; kafe bat hartzen duzunean, norbait hiltzen ari zara. Oso zuzena da. Egia da, eta ez dago horri buruzko daturik. Diru horrek palestinarrak hiltzen ditu.

Zer da zuentzat zuen hizkuntza ulertzen ez duen baina zuen mezua ulertzen duen publikoaren aurrean aritzea?

Hitz ederrak bakarrik ditut hori deskribatzeko. Euskal herritarrek benetako kontzientzia dute. Hitzak ulertzen ez badituzte ere, transmititzen duguna sentitzen dute. Beste herrialde batzuetan, bertakoak aspertu egiten dira, baina hemen ez, amaierara arte aktibo eserita eta entzuten egoten da publikoa. Sinestezina da. Orain, laguntza eskatzen ari naiz itzultzaile bati, kontzertuetan kantu bakoitzaren aurretik euskaraz zerbait esateko. Espero dugu egunen batean euskaraz kanturen bat sortzea.

Euskara ikasi nahi duzu?

Oso gustuko dut hizkuntzak ikastea; asko interesatzen zaizkit. Emazteak eta biok, hona etorri aurretik, Txoria txori kantua praktikatzen genuen. Azken kontzertuan abestu genuen, eta jendea harritu egin zen. Asko maite dut Euskal Herriko musika tradizionala.

Nola mantentzen duzue bizirik sormena zuen lurraldean genozidio bat gertatzen ari den bitartean?

Egia esan, hau egingo ez bagenu, palestinarrak proiektuaz arduratuko ez balira eta borrokatu izan ez bagenu, Nakbaren lehen urteetan amaituko zen taldea, ez ginatekeelako existituko. Herri palestinarra hiltzen saiatu ziren, gure kultura suntsitzen, baina guk horrela jarraituko dugu, Palestina askatu arte.

Azken hilabeteetan mobilizazio asko izan dira, besteak beste, Espainiako Vueltako etapetan, eta pasa den larunbatean, 50.000 lagun elkartu ziren Iruñeko manifestazioan. Babesa sentitzen duzue?

Herrialde guztietan hemen mugitzen diren moduan mugituko balira, borroka amaitzear legoke. Asteartean, mendira joan nintzen, eta tontorrera iristean, Palestinako bandera bat ikusi nuen. Harritu egin nintzen, baina baita hunkitu ere.

Irailean, Errenteriako 'Atlantikaldia' jaialdian egin zenuten kontzertua, eta talde osoa biltzea lortu zenuten. Polita izango zen, ezta?

Ederra izan zen. Hiru urteren ondoren, Euskal Herria izan da guztiok berriro elkartu garen lekua, baina berriro sakabanatu behar izan dugu. Fares Anbar taldekideak ez zuen hemen geratzeko aukerarik izan, arrazoi pertsonalengatik. Guk gure herrialdean geratu nahiko genuke, okupaziorik gabeko herrialde batean, gure familiarekin, guztiak berdinak izango ginatekeen herrialde batean. Munduan zehar kontzertuak egin nahi ditugu, eta ondoren, gure herrialdera itzuli. Oraingoz, ametsa ezin dugu bete, baina egunen batean denok leku berean egotea espero dugu.

Taldea sortu zenetik, asko aldatu dira gauzak. Izan ere, hara eta hona ibili behar izaten dugu, bidaia luzeak tarteko. Borroka handia egin behar dugu bizileku-baimenak eta agiriak lortzeko. Pasaporte palestinarra baduzu, gainerako herrialdeak ez dira existitzen zuretzat; ezin zara nahi duzun lekura joan. Urteak pasatu behar izaten dira baimena lortu eta beste herrialde batera joateko. Sionismoak ez du nahi herri palestinarra munduan zehar ibiltzea, ahotsa eta mezuak zabalduz. Sistema global bat sortu zuten gure aurka. Munduko aireportu guztietan, ordu luzez ikertzen gaituzte, terroristak garela uste dudalako. Baina, gu musikariak gara, ez gara terroristak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!