Tolosan badira irakurzaletasuna bultzatzen duten zenbait talde: liburutegikoa, Galtzaundirena, Jabetze Eskolakoa... Hilean behin, herritarrek, liburuak eskuartean hartu ez ezik, horiek irakurtzea eta, modu batera edo bestera, ulertzea izaten da taldeen helburua, ondoren, irakurzaleak bildu, eta elkarrekin eleberriaren inguruan hitz egin eta hausnartzeko.
Azken urteotan, Irune Agirrezabala, Mirari Martin eta Nerea Sorondo tolosarrek buruan bueltaka izan dute gisa horretako talde bat sortzearen ideia. Adinkideak dira eta irakurtzeko zaletasun handia dute. «Gurasoek txikitatik bultzatu izan gaituzte irakurtzera». Gaur egun, asko gozatzen dutela aitortu dute. «Egunero irakurtzen dut, trenean, lanerako joan-etorrietan, eta gauean, ohean, lokartu aurretik. Hilabetean 3-4 liburu irakurri ditzaket», esan du Martinek. Agirrezabalarentzat ere eguneroko zaletasuna bilakatu da irakurtzea, baina zaintzarekin uztartu behar izaten du: «Alaba txiki bat daukat, eta, beraz, une labur asko aprobetxatzen ditut». Sorondok aitortu du ez daukala une jakin bat liburu bat hartu eta irakurtzeko: «Nahi dudanean soilik egiten dut».
Kalean elkartu izan direnetan, une horretan irakurtzen ari diren liburuari buruz hitz egin izan dute. «Beti izan dugu elkarrizketarako gai bat, eta eleberriak aholkatu izan dizkiogu elkarri», esan du Agirrezabalak. Zenbaitetan, baina, ezin izaten zuten liburuez hitz egin, hiruretako norbaitek irakurrita ez zeukalako, edo dagoeneko istorioa ahaztuta zuelako. Ondorioz, beharrezkoa ikusi zuten talde bat sortzea, eta horrela eratu dute Hitz Anitz.
Izenaren erabakia ideien jario baten ondorio dela aitortu dute. «Ideiak mahai gainean jartzen hasi ginen, eta izen polita iruditu zitzaigun», esan du Agirrezabalak. «Ez genekien zer formaltasun maila izango zuen proiektuak. Hala ere, ideia abstraktu bat izan baino, erreferentziazko izen bat edukitzea nahi genuen», adierazi du Sorondok.
Ekaina bitarte, hilabetean behin egingo dituzte saioak, hileko azken igandeetan, eta bazkalostean. «Egun eta momentu aproposena iruditu zitzaigun. Lanagatik, astean zehar ezinezkoa zitzaigun. Igande arratsaldeetan, etxetik ateratzeko, jendeak, oro har, nagikeria handia izaten du. Hala ere, momentu ona iruditu zitzaigun irakurzaleek elkartzeko aitzakia bat izan dezaten». Solana kaleko Koinobori tabernan elkartuko dira.
«Irakurlea aske sentituko da, nahi duen iritzi oro helarazteko»
Mirari Martin
Adin guztietako publikoarengana heltzeko moduko liburuen zerrenda osatzeko ahaleginak egiten ari dira. «Ez da erraza, bakoitzaren zaletasuna oso pertsonala delako. Liburu asko baztertu behar izan ditugu», esan du Martinek. «Esaterako, beldurrezkoak, edo nobela beltzaren barruan, nahiko ilunak direnak», gehitu du Sorondok. Urriaren 26ko hitzorduan, misterioa, hilketa eta udazken giroa uztartzen dituen liburu baten inguruan hitz egingo dute: Agatha Christie idazle ingelesaren Se anuncia un asesinato. «Pentsatuta dugu garaian garaiko liburuak komentatzea», adierazi du Martinek.
Eroso eta aske
Batez ere, liburuez hitz egingo dute, baina «gustuko ditugun gauzez hitz egiteko espazioa» ere izango dela aurreratu du Martinek: «irakurzalea aske sentituko da, nahi duen iritzi oro helarazteko». Gaineratu dute parte hartzaile bakoitzak erosoen sentitzen den hizkuntzan hitz egiteko aukera izango duela.
Taldearen helburu nagusia da duten irakurzaletasuna jende gehiagorekin partekatzea. Martinek aitortu du liburu bat amaitzen duenean beti bilatzen duela norbait eleberriaz hitz egiteko: «Azken aldian, horren falta sumatzen nuen». Agirrezabalak nabarmendu du, haien adinean, «errazagoa» dela ingurukoekin pelikulez eta telesailez hitz egitea. «Hala ere, Tolosako irakurzaleak ezagutu eta haiekin batera gozatu nahi dugu zaletasunaz», esan du.
«Herriko irakurzaleak ezagutu eta haiekin batera gozatu nahi dugu zaletasunaz»
Irune Agirrezabala
Irakurle taldeetan sortu ohi diren eztabaida txikiak bizitzeko ilusioa dute antolatzaileek, baita komentatuko dituzten liburuekin zerikusia duten gai sozialez hitz egitekoa ere. «Modu asko egon daitezke liburu bera ulertzeko; irakurle bakoitzak berea du, eta hori oso aberasgarria da», esan du Sorondok.
Lehen aldiak
Martinek eta Agirrezabalak inoiz ez dute irakurketa talde batean parte hartu. «Beti nahi izan dugu, baina ordutegiagatik edo zaintzagatik ezinezkoa zitzaigun». Sorondok, aldiz, udal liburutegiak edo Jabetze Eskolak antolatutako taldeetan parte hartu izan du: «Ideia oso ona iruditzen zait irakurleentzat, baita soilik entzule modura joaten direnentzat ere».
Lehen aldiz, beraz, antolatzaile eta dinamizatzaile izango dira hirurak; esperientzia berria izango da. «Taldeak etengabe eboluzionatuko du, eta guretzako, ikasketa-prozesu berri bat izango da», esan du Agirrezabalak. «Gainerako taldeak nire ordutegira moldatzen ez direnez, nik sortuko dut bat, irakurleak nire ordutegira moldatu daitezen», pentsatu zuela aitortu du Martinek. Aitortu dute ez direla aukera aprobetxatuko duten bakarrak. Izan ere, gainerako taldeetan parte hartu ezin duten liburutegiko bi langilek izena eman dutela nabarmendu dute.
«Modu asko egon daitezke liburu bera ulertzeko; irakurle bakoitzak berea du»
Nerea Sorondo
WhatsApp taldeak
Liburutegiarekin elkarlanean eramango dute aurrera proiektua. Irakurleei, gainera, erraztasunak eman nahi dizkiete. «Gure saiora etorriko diren irakurleek liburu horiek maileguan hartzeko aukera izateko konpromisoa hartu du liburutegiak, eta, beraz, liburutegiak izango du liburuak eskatzeko ardura». Hori dela eta, saio bakoitzerako partaide kopurua mugatu behar izan dute; gehienez, hamabost lagun izango dira, hamabi irakurzale eta hiru dinamizatzaileak. Hortaz, irakurketa taldean parte hartu nahi duenak, liburutegiko txartela eduki behar du.
Saio bakoitzean zenbat irakurzale elkartuko diren jakiteko, WhatsApp aplikazioan komunitate bat sortu dute, bi talderekin. Horietako batean, datak eta liburuak adierazten dituzte, eta irakurzaleek saiora joango diren baieztatu behar dute. Beste taldean, zalantzak eta proposamenak idazteko aukera dute irakurzaleek. «Bi libururen artean botoa emateko aukera izatea ere pentsatzen ari gara», esan dute antolatzaileek. Instagram sare sozialeko kontua ere badute (@hitzanitz_); informalagoa izango dela aurreratu dute.