Hamar urte beteko ditu PintxoTour ekimenak

Ataria 2025eko urriaren 8a

Azokan parte hartuko duten boluntarioak eta kideak. A. ARROYO ASKARAI

Hainbat kulturatako mokaduak jateko azoka larunbatean izango da. 12:00etatik 14:00etara zehazki hamaika herrialdetako zaporeak dastatzeko aukera egongo da.

Larunbatean egingo dute PintxoTour kulturarteko azoka solidarioa. 12:00etatik 14:00etara Tolosako Alondegi plazan hamaika herrialdek postu bana jarriko dute euren jaki tradizionalen pintxoak eskaintzeko. Antolatzaileen hitzetan Tolosan bizi diren jatorri atzerritarreko gastronomiez gozatzeko aukera izango da. Ekimenak hamargarren edizioa bete du aurten eta, ohi bezala, Zutani elkarteak antolatu du Tolosako Udalaren babesarekin.

Familiek jatorrizko herrietako jakiak prestatuko dituzte egunean bertan, eta pintxo modura eskainiko dituzte. Euskal Herrikoez gain, postu bana izango dute Brasil, Venezuela, Kolonbia, Honduras, Maroko, Ekuatore Ginea, Nigeria, Peru, El Salvador eta Mexiko herrialdeetakoek. Sei euroren truke bi pintxo eta edaria eskainiko dituzte, eta eskura jarriko dituzte pintxoen osagaiak zein errezetak. Bildutako dirua elkarteak artatzen dituen 150 haurrei elikagai osasuntsuak erosteko erabiliko dute. 

Gizarteratzea helburu
Parte hartzaile guztiak Zutani elkartearen inguruan daude, beraien egoera dela eta, elikagaien beharra dutelako. Elkartearen erronka da Tolosako hainbat familia eta pertsonak pairatzen duten pobrezia eta bazterkeria egoerari aurre egitea. Gaur egun 220 familia artatzen dituzte, 550 pertsona guztira; eta adin txikikoak dira horietako 150. 

Laguntza hori emateko bidean, informazioa ez ezik, «gizarteratze prozesuan» ere babesa ematen du Zutanik. Elikagai Bankutik lortutako elikagaien banaketaz gain, bestelako egitasmoak ere antolatzen dituzte, besteak beste, harrera-, formazio- eta sentsibilizazio-jarduerak.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!