Denboraldi honetan goiko postuei begira jarrita daude

Imanol Garcia Landa 2025eko urriaren 8a

Tolosa CFren futboleko emakumezkoen lehen taldeak lau puntu lortu ditu hiru jardunalditan. «Amets egiteko» daudela esan du Aritz Elorza entrenatzaileak.

Hiru partida jokatu ditu dagoeneko Tolosa CFren futboleko emakumezkoen lehen taldeak. Federazioko Hirugarren Mailan dago, eta lehen partida galdu, bigarrena berdindu eta hirugarrena irabazi egin du. «Hasiera gogorra izan dugu», esan du Aritz Elorza entrenatzaileak, aurkariak zein izan diren kontuan hartuta. Arratiak aurreko denboraldian mailaz igotzeko borrokatu zuen eta beraien aurka «sekulako partida» egin arren, ezin izan zuten berdinketa baino gehiago lortu.

Bigarren partida Athletic C taldearen aurka jokatu zuten. «Tamalez guk oparitutako hiru gol kontra genituela joan ginen atsedenaldira. Bigarren zatian txukunago aritu ginen eta aurre egin genien, nahiz eta azken emaitzak 5-1ekoa erakutsi». Hirugarren neurketan, joan den asteburuan, Oiartzuni irabazi zioten, 4-0koarekin. «Partida erosoa izan zen. Jokalariak sekulako lana egiten ari dira, eta aurreko denboraldian egindako jokoari eutsi diote, zenbait zertzelada gehiagorekin», zehaztu du entrenatzaileak.

Ligaren hasierarekin pozik dagoela dio Elorzak: «Jokalari berriak ditugu, eta aurreko denboraldiko jokalari askok jarraitzen dute. Guk argi dugun ideia horri eutsita, ikusten da taldea martxa hartzen ari dela, eta fisikoki ari dela poliki hobekuntza horretan. Ez dut inongo zalantzarik partida guztietan gudari urdinek hiru puntuak lortzeko borrokatuko dutela». 

Bigarren urtea du Elorzak Tolosa CFn, eta aurreko denboraldian nahi baino beranduago hasi zen taldeaz arduratzen: «Lehen taldeko hamahiru fitxa genituen, eta bigarren taldeko jokalarien beharra izan genuen; eurei eskerrak txapelketa polit bat egin genuen». Taldearen entrenatzaile izaten jarraitzeko aukera eman zioten. «Beti hezi izan naiz lehiakortasunean, eta baiezkoa eman nuen jokalariei eutsi eta fitxaketa berriak etorriz gero, Tolosa hor goian ikusteko. Eta, zalantzarik ez dugu egiten, dena ondo badoa, amets egiteari behintzat ez diogula uko egingo».

Aurten egituraketa egin dute Federazioko Hirugarren Mailan, eta Tolosa CFren multzoan hamabi talde daude. Talde bakarra igoko da multzo bakoitzetik, eta agian ez da zuzenean igoko. «Beraz, aurreko denboraldian baino zailtasun handiagoa du igotzeak, baina zeresana emango dugula argi dut», esan du Elorzak. «Dena borrokatuko dugu eta gero futbolak jarriko gaitu merezi dugun lekuan, baina dena ondo badoa, ez dut zalantzarik goian egongo garela. Sekula ez didate jarri helburu bezala igotzea. Badakigu nondik gatozen eta zeintzuk garen; zortea izanez gero, eta dena ondo ateratzen bada, polita izango litzateke». Bestalde, denboraldi honetan multzoko azkena bakarrik jaitsiko da mailaz. «Ez gaude horri begira», esan du Elorzak. «Amesteko gaude, amestera etorri ginen eta amets egiten jarraituko dugu».

Hiru jardunaldiren ondoren, Tolosa CF seigarren postuan dago, lau punturekin. Asteburuan Eibar C taldearen aurka jokatuko du, etxetik kanpo. Aurkariak hiru puntu ditu eta bederatzigarren postuan dago sailkapenean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!