Orain arte, 8 kilometro pasatxo zituen ibilbidea egiten zuten korrikalariek eta aurten bi proba izango dituzte aukeran: 10 kilometrokoa eta 5 kilometrokoa. «Orain jendeak denbora jakin bat egitea du buruan, eta horretarako neurri zehatzak behar ditu, 5 kilometro edo 10 kilometro, esaterako», esan du Pello Gorostegi antolakuntzako kideak. «Hori iradoki ziguten eta probatzea pentsatu genuen. Hamar kilometrokoa agian batzuentzat gehiegi izango ote zen iruditu zitzaigun, eta bost kilometrokoa ere antolatzea erabaki genuen. Ea horrela jende berria ere animatzen den».
Ibilbide bera izango dute bi probek: luzean bi itzuli emango dituzte korrikalariek, eta motzean bakarra. Bost kilometroko ibilbidea diseinatu dute, beste urteetan egin izan denarekin antzekotasunak dituena. Irteera San Estebanen izango da, ferialekuaren parean; ondoren Gernikako Arbola lorategiak, San Frantzisko pasealekua, Pedro Tolosa pasealekua, Martin Jose Iraola kalea, Paper kalea, Iurramendi pasealekua (ibaiaren albotik), Usabal kiroldegiko multikiroleko gunea (bidegorritik), Olarrain auzoa, Araba etorbidea, Alliri, eta berriro San Esteban auzoa. «Bost kilometro justu egiteko hiru GPS mota erabili ditugu, baina bakoitzak neurri bat ematen zigun, eta azkenean lortu genuen metroak neurtzeko erabiltzen den gurpil horietako bat eta horrek esandakoa hartu dugu kontuan», azaldu du Iñaki Sanchez antolakuntzako kideak.
11:00etan abiatuko dira korrikalariak, eta atzo eguerdirako 150 korrikalari inguruk emanda zuten izena, bi probak kontuan hartuta. Izena eman nahi dutenek Kronoak.com webgunean egin behar dute, eta ostiraleko gaueko hamabietan bukatuko da epea. Egunean bertan, beraz, ezingo da eman izena. Dortsalen banaketa larunbatean egingo dute, 10:00etatik 20:00etara, San Estebango Ttonttor elkartearen lokalean.
Proba hasten denetik, ibilbidean zehar trafikoa erabat moztuko da. Korrikalariak pasa ahala zabalduko da berriro ere errepidea. Dena dela, trafikoa erabat ez gelditzeko, lasterketak irauten duen bitartean Foruen etorbideko norabidea aldatuko da, San Frantziskon gora egiten dutenei aterabidea emateko. Zubi Berria zeharkatzen dutenek, berriz, Zumalakarregitik joan beharko dute.
X. Txiki Krosa
Helduen krosa amaitzean, txikien txanda izango da. 12:00etan hasiko da Tolosako X. Txiki Krosa, eta bi maila izango dira: 9 urtera arte 500 metro egingo dituzte, eta 9-14 urte bitarte 1.250 metro. «Ez da sailkapenik izango. Gainera, oso txikiak direnean gurasoekin ateratzen dira», esan du Gorostegik.
Txikiek ez dute dortsalik izango, kamisetan bertan egongo delako zenbakia jarrita. Izena emateko eskola materiala eraman behar dute parte hartzaileek. Gero, material hori Tolosaldea Sahararekin elkartera bideratuko dute.