Iñigo Asensio eta Manu Etxezortu irrati esatariak izango dira Sormenetik saioaren urteko bigarren hitzorduko protagonistak. Irratiaren beste aldea izenburupean, euskal irratigintzaren eta irrati entretenimenduaren inguruan hitz egingo dute, eta Edurne Ayuso kazetariak dinamizatuko du saioa. Larunbat honetan izango da, urriak 11, 12:00etan, eta, ohiko moduan, Tolosako Zerkausi azpian egingo dute, TAK arraun klubak ontziratzeko duen gunean.
Asensio, kazetari eta komunikatzaile tolosarra da, eta 2011. urtetik kirolarekin, kulturarekin eta euskararen munduarekin izan du erlazioa. Olinpiar Jokoetako kazetari izan da hainbat edizioetan, eta Euskara munduan dokumentala egin zuen. Azken lan horrek, kanpoan bizi diren euskaldunen testigantzak bildu eta hizkuntzaren presentzia eta harremana aztertzen ditu.
Etxezortu, berriz, Euskadi Irratiko esatari andoaindarra da, Faktoria irratsaioaren gidari izateagatik da ezaguna. Horrez gain, askotariko kazetaritza eta irrati formatutan aritu da lanean, hala nola, albistegietan, tertulietan, magazinetan eta goizeko saioetan. Faktoria-ko ibilbidea amaitu ondoren, euskal kultura ardatz duen Kultur leihoa irratsaioa gidatzen du.