Kirol instalazioak kudeatzen jarraituko du Kirolzerrek

Josu Artutxa Dorronsoro 2025eko urriaren 7a

Usabal kiroldegiko langile bat, 2023ko azaroan, gimnasioa garbitzen, grebaren ondoren ireki aurretik. J. A.

Kontratua urtebetez luzatzea onartu du udalbatzak, iraileko osoko bilkuran; 2026ko urtarrilean argitaratuko dute lizitazio berria. Araudia eguneratzea ere onartu dute.

Tolosako Udalak urtebete gehiago luzatu du Kirolzer enpresarekin duen hitzarmena, herriko kirol instalazioak kudeatzeko; hala erabaki zuen udalbatzak, iraileko osoko bilkuran. 2024ko urrian hartu zuen ardura Kirolzerrek; lehenago, BPXport enpresak kudeatzen zituen instalazioak. Urtebeteko indarraldia zuen kontratuak, beste urte batez luzatzeko aukerarekin, eta orain, luzatzea onartu dute, EH Bilduren aldeko bozkekin.

Andu Martinez de Rituerto alkateak eta kiroletako zinegotziak esan zuen uztailean txosten bat egin zutela kiroletako saileko teknikariek, kontratua luzatzearen aldeko iritziarekin. Ondorioz, Kirolzerrek 2026ko irailaren 30era bitarte kudeatuko ditu kirol instalazioak: Usabal kiroldegia, Uzturpe eta Beotibar frontoiak eta Berazubi estadioa. Enpresak ez dio kanonik ordaindu beharko udalari, eta udala bera arduratuko da inbertsioez.

Galderak, erantzuteke

Oposizioko alderdiek, EAJk eta PSE-EEk abstentziora jo zuten bozka ematerakoan. Lehenago, Xarles Iturbe zinegotzi jeltzaleak udal gobernuari eskatu zion azaldu zitzala zeintzuk diren «urtebete lehenago egin asmo zuen eta hilabete batzuen buruan gauzatu behar zuen azterketa sakonaren» ondorioak. «Urtebete pasatu da, eta ez dugu azterketa sakon horren berri; abiatu den ere ez dakigu».

Era berean, Iturbek gogora ekarri zuen BPXport enpresaren kudeaketa-kontratuaren amaieraren inguruan «galdera asko erantzuteko» daudela oraindik. «Auditoretza batzuk eskatu zitzaizkion enpresari, eta oraindik ez dira jaso. Gauzatutako inbertsioen kopuruak argitzeko eskatu zitzaien, baina ez dituzte argitu. Hainbatetan helarazi genizkizuen galderak oraindik ez dituzue erantzun. Udal gobernuari dagokio informazio hori guztia exijitzea eta udal talde politiko guztiei helaraztea, eta itxaroten gaude», esan zuen.

Zinegotzi jeltzaleak hausnarketa bat eraman zuen osoko bilkurara. «Aurreko kudeaketa-ereduak, emakidarenak, mozkinak sortzen zituen udalarentzat. Oraingoak ez ditu sortzen. Aurrekoak, inbertsioen kudeaketa- eta gauzatze-lanak enpresarengan ezartzen zituen. Oraingoan, zama hori udalari dagokio. Ados egongo gara, ñabardurak ñabardura, lehengo eskaintza eta orain daukaguna ez direla oso desberdinak, eta langileen baldintzei dagokionez, kudeaketa-ereduak berak ez dituela haien lan-baldintzak erabakitzen». Azkenik, EAJk udal gobernuari eskatu zion bi ereduak alderatzeko, eta azterketa haren baitan hartu ditzala aurrerantzean hartu beharreko erabakiak.

Joxe Mari Villanueva zinegotzi sozialistak Iturberen proposamenari heldu zion, eta azken 17 urteetan Tolosan izan den kudeaketa-eredua babestu zuen. «Bi edo hiru hilabeteren buruan lizitazio berria jarri beharko dugu martxan», esan zuen. Era berean, udal gobernuari galdegin zion ea hausnartu duen kudeaketa-eredu berriaren inguruan. «Eginez gero, parte hartzeko eta ekarpenak egiteko prest nago, kudeaketa-eredu onena aurkitzeko», gaineratu zuen.

Lizitazioa, urtarrilerako

Alkateak erantzun zion oposizioari. Esan zuen BPXport enpresari eskatutako dokumentazio guztia udalera iristen denean eta bertako sailek azterketa egiten dutenean emango dutela informazio guztiaren berri. «Egiteke zeuden inbertsio guztiak gauzatuta daude, baina auditoretzaren kasuan, datu batzuk falta dira».

Bestalde, egungo kudeaketaren inguruan, adierazi zuen datu ekonomikoak behar dituztela, eta udaleko zenbait sail horiekin lanean ari direla. «Ikusiko dugu kontratu honek nolako ondorio ekonomikoak izaten dituen». Alkateak ziurtatu zuen lizitazio berriak urtarrilerako argitaratuta egon behar duela, eta udal gobernuak, «funtsezkoak» izango diren datu ekonomiko guztiak dituenean, oposizioarekin eta herritarrekin partekatuko dituela, «guztiek jakin dezazuen nora goazen eta zergatik».

Publifikatzearen eztabaida

Bozkatu aurretik, Iturbek hartu zuen hitza berriro. «Kontzesioaren eredua deitoratua izan zen zuen aldetik. Zenbait bilkuretako eztabaidetan, kudeaketa publikoaren mantra erabili zenuten, baina kontuan izan behar da ere errealitatearen eta kontaketaren arteko arrakala». Zinegotzi jeltzaleak esan zuen TAO zerbitzua eta etxez etxeko laguntza zerbitzua esleitu direla, baina ez direla publifikatu, eta nabarmendu zuen kiroldegiarekin eta Hiribusarekin gauza bera gertatuko dela. «Ez dut oso ondo ulertzen kontaketa eta diskurtso batzuen atzean zer dagoen».

Martinez de Rituertok erantzun zion, administrazioak, ahal den neurrian, ematen dituen zerbitzuak, «baliabide publikoekin» eman beharko lituzkeela. «Une honetan, duen antolamenduagatik, eta dituen arau zurrunengatik, ez da bideragarria. Gauza asko aldatu beharko lirateke, publifikatzeko. Administrazioaren denborak, izapideak eta eginbeharrak ez dira bateragarriak enpresa pribatu batek duen askatasunarekin. Gaur egun, ditugun baldintzekin, ia ezinezkoa da».

2017ko araudia, eguneratuta

Bilkura berean, udalbatzak aho batez onartu zuen kirol instalazioetako eta zerbitzuetako araudi berria. Udalaren iritziz, gizarte eskaera berriek –esaterako, Altxa Burua elkartearekin batera argitaratutako kezka–, eta zenbait legedi aldaketek, «agerian» utzi dute aldaketak egiteko premia; orain arteko araudia 2017koa zen. Hori dela eta, araudia berrikusi eta eguneratu dute. Udalak argi adierazi nahi du kirol instalazioak eta bertako tresneria «kirola praktikatzeko» direla, «eta ez kirolik egin gabe edo egonean egoteko».

Eskubideen alorrean, berritasun nabarmenena da kamerak erabiltzeko araudia, horiek pertsonen intimitateari kalte egin baitiezaiokete. Araudi hori sartzea «garrantzitsua» zen udalarentzat; aurreko araudiak ez zuen ezer aipatzen horri buruz. Hori arautzeko garaian kontuan hartu dituzte Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren jarraibideak.

Zigor gogorragoak

Arau hausten kasuan, berriz, erantzuleak nor diren jasotzen da. Talde bateko kide batek kirol instalazio batean kalteak edo galerak eraginez gero eta nor izan den zehaztu ezin denean, kalteen erantzulea erreserba eskaera egin duena izango dela ezarri dute.

Zigor moten kasuan, diruzko zigorrei aurreko araudian ezarritako moduan eutsi zaie. Kirol instalazioak erabiltzeko eskubidea galarazten duen denbora da berritasuna. Zigorra arina bada, hogeita hamar eguneko denbora ezar daiteke gehienez; larria bada, hogeita hamar egunetik urtebeterako zigorra; eta oso larria bada, urtebete eta bost urte artekoa. Hala ere, lau irizpide ezarri dituzte arau hausleari ezartzeko azken zigorra zehazteko: nahita egitea, berrerortzea, kalteen izaera eta erruduntasuna.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!