Xabiertxo-ren lehen argitalpenaren urtemugaren harira, hainbat ekitaldi egin dituzte egunotan Tolosan. Batetik, herenegun goizean, orduko egoera interpretatu eta etorkizuneko erronkak lantzeko jardunaldia izan zen kultur etxean, eta arratsaldean ekitaldia egin zuten Zerkausian, erakundeetako ordezkariekin eta Ixaka Lopez-Mendizabal liburuaren egilearen familiako kideekin. Bestetik, gaur goizean, XX. mendeko Euskal Pizkundeari buruzko bisita gidatua egin dute Tolosako Alde Zaharrean barrena.
Bisita Euskararen Historia Soziala Tolosaldean ikerketaren egile Haritz Azurmendik gidatu du. Hainbat puntutan geldialdiak eginez, eta argazkien laguntzaz, Xabiertxo argitaratu ondorengo egoera azaldu du. Lopez-Mendizabalek 1925ean argitaratu zuen Xabiertxo Tolosan, bere aita Eusebio Lopezen inprentan. Primo de Riveraren diktadurapean sortu zen. Espainiako gerran, tropa frankistak Tolosara sartzean, Lopez-Mendizabal inprimategiko liburuak erre zituzten Plaza Zaharrean.
Lopez-Mendizabal berarena bezala, beste hainbat eta hainbat euskaltzaleren erbesteak izan zirela ere gogoratu du. Euskara leku guztietan debekatuta zegoen garaia zen, eta horren adibide bezala, Bedaioko haur bati eskolan euskaraz hitz egiteagatik jarri zioten zigorra aipatu du; 1.000 aldiz idatzi beharra izan zuen eskolan debekatuta dagoela euskaraz egitea.
Trianguloa plazan amaitu du bisita Azurmendik. Bertan gogoratu du gurutze frankista jarri zutela, nork agintzen zuen argi geratzeko. 50eko hamarkadan euskararen inguruko ekitaldiak pixkana antolatzen hasi ziren ostera. Erbesteratuak ere itzultzen ari ziren, eta elkartzen hasi ziren gauza xumeak antolatzeko. Elkargune horietatik sortuko zen 56ko belaunaldia. Gerora sortuko zen euskara batua, eta horrekin izan ziren eztabaidak ere gogoratu ditu bisitaren gidariak, kontrako eta aldeko jarrerak baitzeuden.
Hori bai, mundua euskaraz egin daitekeela jarri zuela mahai gainean Xabiertxo-k nabarmendu du. Eta amaitzeko, Oteizak Atahuts eskulturarekin herrira sartzeko gonbita egin zuen bezala, bisita gidatuan parte hartu dutenak Ixaka Lopez-Mendizabalen nahiz garaiko beste euskaltzaleen historian murgiltzera gonbidatu ditu.