Hizkuntza komunitate gutxituen esperientziei buruzko hitzaldia, hizkuntza komunitate gutxitu batean. Galtzaundi Tolosaldeko euskaltzaleen elkarteak antolatutako hitzordua izan da, Tolosako Plaza Berriko egoitzan. Aretora sartzerako suma zitezkeen kultura eta nortasun bat baino gehiago: bateko hizkera, besteko janzkera, eta, batik bat, jakin-minezko begiradak. Garabide kultur elkarteko Gorane Ayestak gidatu du saioa eta, banan bana, euren esperientzia kontatu dute Besako Bia Riholek (Ekuatore Gineako Bioko uhartetik, bubi komunitatetik), Vicky Aracelik (El Salvadorreko nahuat pipil komunitatetik) eta Jonnier Andrel Quiguapumbo Dizu (Kolonbiako Cauca komunitatetik).
Hitza hiru hizkuntza aktibistak hartu badute ere, 20 lagun inguruk bidaiatu dute Euskal Herrira bertako hizkuntza biziberritzeko prozesuen eta ekimenen berri izateko. Hori horrela, hainbat herritako zein arlotako egitasmoak ezagutu dituzte, besteak beste, hezkuntzan, hedabideen arloan eta gizarte mailan.
Txanponak lau aurpegi
Gaztelera zubi-lanerako tresnatzat hartuta, norberaren hizkuntzako esaldiz bustita azaldu dute euren komunitateen egoera. Nahuat hizkuntzari dagokionez, adibidez, hiztun «oso gutxi» dituztela kontatu dute, eta horiek, gainera, oso zaharrak direla: «Askotan etxez etxe ibili behar dugu haiekin hitz egiteko, ez baitago hizkuntza horretan aritzeko espaziorik».
Hari beretik hitz egin dute Cauca komunitateko nasa hizkerari buruz, eta «hitz egitekotan» familiartean bakarrik egiten dela nabarmendu: «Ez da familia guztietan ere hitz egiten. Gainera, adinekoek ezagutzen dute, baina helduek ez. Belaunaldi arteko transmisioa galdu da».
Eta, zentzu berean, kultur galeraz hitz egin du bubi komunitatekoak: «Hizkuntza da kultura baten ezaugarri bereizgarrienetako bat. Hori galtzea nortasuna galtzea da». Gizartean hizkuntzarekiko «lotsa eta interes falta» nabarmendu dituzte hirurek ala hirurek, eta kezkatuta hitz egin dute etorkizunari buruz.
Erronka eta lan-lerro
Cauca komunitatekoak kontatu du lanean ari direla hainbat arlotan, besteak beste, alfabetizazioan, hedabideetan, itzulpengintzan, hezkuntzan eta hiztun berriak lortu nahian. Baina euren komunitatea horretarako «prest» ez dagoela sumatzen dutela-eta, sentsibilizatzeko «lan handia» seinalatu du lehentasuntzat: «Hizkuntzaren funtzionaltasuna aldarrikatu behar dugu, eta jendea konbentzitu. Hemen ezagutzen ari garen esperientzia oso baliagarria izaten ari da».
Berera ekarrita, nahuat hizkuntza berreskuratzeko murgiltze linguistikoak egiten dituztela azaldu du Aracelik: «Haurrekin hasten gara lanean, batik bat hizkuntza txikitatik ezagutu dezaten». Horrez gain, beste hainbat kultur ekimen ere nabarmendu ditu, horien artean, abesbatzak eta jaialdiak.
Bubieraren inguruan ere antzera egin dute hitz, eta nabarmendu dute ama hizkuntzaren eguna dela antolatzen duten ekimen nabarmenetako bat. Egun horretan kultur elementuak berreskuratzen ahalegintzen dira, besteak beste, musika, dantza eta literatura. Oztopoak ere badituzte, ordea; esate baterako, eguna antolatzea debekatu izan diete. Zentzu berean, ikastaroak bubieraz emateko zailtasunak dituztela ere aipatu du, baina ahaleginak egiten ari direla ondarea jasotzeko.
Pausoz pauso
Lanketa horren pauso gisa aurkeztu du, adibidez, soilik bubieraz idatzita argitaratu duten olerki liburu bat: «Idazle gehienek gazteleraz idazten dute edo, gehienez, bubiera eta gaztelera tartekatzen dituzte, baina ez zegoen soilik bubieraz idatzitako olerki libururik».
Hezkuntzaren arloaz hitz egin du, berriz, nasa komunitatekoak: «Nasa hautazko ikasgai hutsa zen lehen. Orain, berriz, zenbait eremutan hezkuntzako orduen erdia hizkuntza indigenan izatea lortu dugu». Biek ala biek miresmenez aipatu dute euskaran sumatzen dutela hizkuntzaren biziraupenerako egin den ahalegina: «Zoragarria da, ikusten dugulako sekulako ahalegina egin dela hizkuntzaren funtzionaltasuna bermatzeko. Zuek ohituta egongo zarete agian, baina hiztegi digital bateratu bat edukitzea izugarria da».
Euskalgintzari miresmen
Zentzu horretan, euskalgintzak egindako lana ezagutzea «aukera paregabea» dela nabarmendu du Cauca komunitatekoak: «Zuen lanak emandako emaitza eta esperientzia jasota dituzue, eta horiek ezagutzea ikaragarri baliagarria da guretzat. Ez da gehiegi esatea guretzat abangoardia zaretela».
Nahuat komunitatekoak, berriz, miresmenez hitz egin du trukean ezer jasotzea espero gabe lan egitearen inguruan: «Hemen egoismoa alde batera utzi eta jendeak beretik emateko sekulako prestutasuna izan duela iruditzen zait. Benetan zoragarria da».
Itsasoz bestaldeko esperientziak arreta handiz entzun dituzte bertaratutako euskaldunek; beharbada, enpatiak mutututa; akaso, ezin ebatzi non kokatu behar dituzten parean entzundakoak: iraganeko oroitzapen edo gaurko erronka.