Tolosako Udalak gazteentzako lan aukerak areagotzeko helburua duen deialdia abiatu berri du. 16 eta 30 urte arteko sei gazte kontratatuko ditu, onura publikoko edo interes sozialeko eginkizunetarako.
Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren eta Europar Batasunaren diru laguntzak jaso ditu udalak kontratazioak egiteko, EB-k kofinantziatutako EAEko EGF Plus 2021-2027 Programaren barruan.
Praktikaldiko kontratuak izango dira guztiak, lanaldi osokoak eta urtebeterako. Lanean hasteko aurreikusitako data azaroa da.
Hauek dira deialdian izango diren lanpostuak:
- Kultura eta gazteriako erdi mailako teknikaria: Kultura eta gazteria alorretako ekintzei lotuta, parte hartze-, kudeaketa- eta dinamizazio-lanak egingo ditu.
- Titulazioa: Humanitateak, Gizarte Zientziak eta Komunikazio gradua, edo baliokidea.
- Euskarako administraria: Euskara eta Hezkuntza saileko jarduerak eta materiala eguneratu, espedienteak izapidetzearen ondoriozko administrazio-lanak egin, diru laguntzak kudeatu eta saileko lanak planifikatu eta antolatu beharko ditu.
- Titulazioa: Administrazio finantzen goi mailako titulua, edo baliokidea.
- Garapen ekonomikoko erdi mailako dinamizatzailea: Tolosako merkataritza, ostalaritza, eta zerbitzu enpresen datu basea sortzea, tokiko merkataritza sustatzeko ekintzak garatzea, eta asteroko azokei lotutako lanak kudeatzea izango dira bere egitekoak.
- Titulazioa: Enpresen administrazio, Turismo edo Merkataritza gradua, edo baliokidea.
- Ingurumena eta landa eremuko teknikaria: Tolosako bide publikoen inbentarioa eta kudeaketa, landa-eremuko bideetako soiltze lanen koordinazioa, nekazaritzari lotutako proiektuen garapena eta landa-eremuko auzoei bideratutako diru laguntzen kudeaketa egin beharko du.
- Titulazioa: Ingurumen-zientzietako gradua, Nekazaritza Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzako gradua, edo baliokidea.
- Udal eraikinen mantenuko teknikaria: Eginkizunak izango dira udal eraikinen arduradunak eta etxebizitza zerbitzuak kudeatzen dituen eraikin, pisu eta garajeen mantenu-lanak egitea. B gidabaimena edukitzea eta konponketak modu autonomoan egiteko gaitasuna izatea eskatzen da.
- Titulazioa: Goi mailako heziketa zikloko ikasketak edo batxillergoa.
- Udal eraikinen mantenuko teknikari laguntzailea: Udal eraikinen arduradunak eta etxebizitza zerbitzuak kudeatzen dituen eraikin, pisu eta garajeen mantenu-lanak burutzen laguntzea izango da bere egitekoa.
-
Titulazioa: Oinarrizko heziketa zikloa ikasketak edo DBH.
-
Baldintzak eta eskaera
Lanpostuetarako eskaera egiteko, honako baldintzak bete behar dira:
- 16 urte baino gehiago eta 30 baino gutxiago izatea.
- Euskarazko C1 maila (salbuespenak: B1 maila mantenuko teknikariarentzat eta B2 maila mantenuko teknikariaren laguntzailearentzat)
- Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuan enplegu-eskatzaile izatea, alta egoeran, eta bete behar den lanpostuari dagokion hezkuntza-maila izatea.
- Gazte Bermerako Sistemaren Fitxategian inskribatuta egotea.
- Praktiketako lan-kontraturako baldintzak betetzea.
Tolosakoa edota Tolosaldekoa izatea baloratuko dutela aurreratu du udalak.
Interesdunek eta baldintzak betetzen dituztenek, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren webgunean izapidetu beharko dute eskaera.