«Boikota izan behar da genozidioa geldiarazteko gure tresna nagusia»

Ataria 2025eko urriaren 3a

Urriaren 15ean lau orduko lanuzteak egiteko deialdi bateratua egin dute ELA, GSK eta Intersindical sindikatuek; Israelekin duten harreman oro bertan behera utzi dezatela eskatuko diete gobernuei eta enpresei. Tolosan, elkarretaratzea egin dute eguerdian, ELA-k deituta.

ELAk, Galiziako Sindikalarteko Konfederazioak eta Herrialde Katalanetako Intersindical sindikatuek, deialdi bateratua egin dute, urriaren 15ean, bakoitzaren herrialdean, lau orduko lanuzteak egin, eta gobernuei eta enpresei Israel boikotatu dezatela eskatzeko. Eguerdian, elkarretaratzeak egin ditu ELA-k Hego Euskal Herriko zenbait herritan, eta sindikatuak adierazi duenez, 1.000 militante baino gehiago elkartu dira. Besteak beste, Tolosan, Trianguloa plazan elkartu dira, «Palestinari elkartasuna adierazi eta Israel Gazan eragiten ari den genozidioaren kontra benetako neurri politiko eta ekonomikoak exijitzeko».

Batetik, hiru sindikatuek, Euskal Herriko, Galiziako eta Herrialde Katalanetako gobernuei, Espainiako exekutiboari eta Europar Batzordeari eskatu diete, bertan behera utzi ditzatela Israelekin dituzten harreman militar, komertzial eta diplomatikoak. «Israeli ez diote ezer erosi edo saldu behar, ez gobernuek, ez enpresek. Boikota izan behar da genozidioa geldiarazteko gure tresna nagusia». ELA-ko ordezkariek adierazi dutenez, «palestinar herriari lurralde guztian zehar zor zaion autodeterminazio eskubidearen alde» egin dute hiru sindikatuek, eta Israeli eskatu diote «orain ezartzen duen sistema baztertzeko, horren oinarria apartheid-a eta lurren okupazioa baitira».

ELA-k gaineratu du, azken urteetan, hiru sindikatuek hainbat ekinbide, gogoeta eta estrategia partekatu izan dituztela, klaseko sindikalismo soberanistatik abiatuta. «Langileriaren baldintzak hobetzeko, borrokarako lan- eta gizarte-marko propioei erabakitzeko eskubidearen defentsa eta lehentasuna ematea da gure lankidetzaren zutabea. Langileriaren euro bat ere ezin da Israelen interesen mesedetan erabili».

«Genozidioa geldiaraztea premiazkoa» dela aldarrikatu du ELA-K. Halaber, adierazi du «Israeli eragotzi behar zaiola lurrak usurpatzen, biztanleak haien bizilekutik egozten, apartheid kutsuko egitura sozialak ezartzen eta herri bat jazartzen jarraitzea». Hori dela eta, nazioarteko zuzenbidea aplikatzea eskatu du sindikatuak, «batik bat, herrien autodeterminazio eskubidea, Palestina guztian zehar, Jordan ibaian hasi eta Mediterraneo itsasoraino. Errefuxiatu guztiei etxera itzultzeko eskubidea bermatu behar zaie».

ELA-ren, GSK-ren eta Intersindicalen iritziz, «ez dago aipatu den moduko neurririk, eta Euskal Herriko, Galiziako eta Herrialde Katalanetako gobernuek, espainiar estatukoak eta Europako Batzordeak ez daukate behar adina maila politiko». Hori dela eta, sindikatuek nabarmendu dute herritarren mobilizazioak eta gizartearen presioa «erabakigarriak» izango direla, «Israelgo estatuaren aurkako neurriak behartzeko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!