Asteazken gauean, Israelgo Armadak Global Sumud ontzidiari eraso egin zion. Gertakaria salatzeko, elkarretaratzeak eta manifestazioak egin zituzten, atzo, Euskal Herriko hainbat lekutan, tartean, eskualdean. Tolosan, Palestinarekin Elkartasunak deituta, manifestazioa egin zuten; hasiera batean, elkarretaratzea egin behar zuten Trianguloan, baina plazara dozenaka herritar joan zirela ikusi ondoren, aldarrikapenak Alde Zaharrean zehar zabaltzea erabaki zuten. «Gazako setioa apurtu eta Zerrendara laguntza humanitarioa eramatea helburu zuten ekintzaileak blokeatu, abordatu eta atxilotu ditu estatu sionistak. Une honetan, 400 ekintzaile baino gehiago daude atxilotuta, tartean, hainbat euskaldun», adierazi zuten manifestazioa amaitu ondoren.
Palestinarekin Elkartasuna taldeko kideek «elkartasuna» adierazi nahi izan zieten «Israelek Gazan egiten duen sarraskia eta setioa hausteko, bere mendebaldeko pribilegioak palestinar kausaren alde jarrita, bizitza azken muturreraino eramateko adorea izan dutenei». Bestetik, «Israelen izaera kriminala» salatu zuten. «Noraino iritsiko da entitate terrorista hau? Premiazkoa da Palestinaren aldeko borroka oro munstro sionistaren aurkako borroka bihurtzea, eta bere zilegitasuna zalantzan jartzea. Izan ere, Israelen existentziak mundua arriskutsuago bihurtzen du».
Ontzidiko kideek behin eta berriz adierazi dute ezin dutela ahaztu beraien helburua nazioarteko begiak Gazan kokatzea dela. Palestinarekin Elkartasunak bat egiten du ideia horrekin. «Gazan Israel Gazan egiten ari den sarraskia deskribatzeko ez dago hitzik inongo hiztegietan. Gazako Zerrendaren % 90 suntsitua dago, zutik geratzen diren ospitaleak tankez inguratzen ari dira, eta gosetea sufritzen ari da populazioaren gehiengoa», azaldu zuten.
Gainera, estatu terrorista desagerraraztera bidean, Israelekin harreman oro eteteko garaia dela aldarrikatu zuten. «Salerosketa-akordio oro, harreman diplomatiko oro, baita kirol ekitaldietatik kanporatzeko ere». Palestinarekin Elkartasunako kideen hitzetan, azken asteetan, Europako gobernuek, zenbait neurri iragartzera eta Palestinako estatua aitortzera «behartuta» ikusi dute euren burua. «Ontzidiak ere erakutsi digu euren determinazioak Espainiako eta Italiako gobernuak bertan diren bere biztanleak babesteko armadak mugiaraztera behartu dituela, argi utzita, europar gutxi batzuen bizitzak ehunka mila palestinarrenak baino gehiago axola diela. Aurpegia garbitzeko eta protesta baretzeko hitz eta neurri hutsalak besterik ez badira ere, argi izan behar dugu borrokaren fruitu direla, eta orain dela momentua presioaren intentsitatea biderkatzeko».
Halaber, plataformako kideak jakitun dira ez dela borroka erraza izango. «Israel Estatu Batuen eta Europaren proiektu inperialistaren funtsezko partea da, eta zentzu horretan, euskal burgesiaren aliatua ere bada», arrazoitu dute. Era berean, nabarmendu dute herri langileen arteko elkartasunak ez daukala mugarik. «Palestinar herriak eta bere erresistentziak oraindik ere tinko dirauen bitartean, gure egitekoa da hemen Israelen konplize guztiei bakerik ez ematea, munstro sionista desagerrarazi arte».
Azkenik, datozen egunetan egingo diren protesta eta ekintzak babesteko dei egin zuten, besteak beste, bihar, urriak 4, Iruñean egingo den manifestazioa. «Kaleak beteko ditugu, palestinar erresistentziaren alde, Israelgo estatua desegitearen alde, eta konplize guztien aurka».
Villabona eta Zizurkil arteko zubian ere egin zuten elkarretaratzea Palestinarekin Elkartasuna plataformak deituta. (Argazkiak: Aiurri)